Etiopiako lagunak abiada bizian datoz Behobia-Donostiara
Etiopiako lau lasterkari ez profesional azaroaren 10ean egingo den Behobia-Donostia lasterketan lehiatuko dira. Haien herrialdean lanean ari den Etiopia Utopia fundazio donostiarraren eskutik egin dute Euskal Herrirako bidaia, eta, oraingoz, Hiru Hondartzetako Krosean eta Donostiako Klasikoan hartu dute parte, emaitza paregabeak lortuz.
rriaren 9an iritsi ziren Donostiara Wukrotik (Etiopia) Atsede Tsegay, Mengesha Hayleslassie, Gebriala Yowhans eta Haylay Grimay lasterkariak. Kirolari ez profesionalak dira lauak, baina profesionalen modura egiten dute korrika. Fortuna Kirol Elkarteak gonbidatuta, Behobia-Donostia lasterketan parte hartzeko helburuarekin egin dute Euskal Herrirako bidaia, Afrikako herrialdean lan egiten duen Etiopia Utopia fundazio donostiarraren laguntzarekin. Haiekin batera heldu da ere Berhane Fanta entrenatzailea, eta proba handirako prestaketa modura, joan diren asteetan hirian egin diren Hiru Hondartzetako Krosean eta Donostiako Klasikoan egin dute korrika, emaitza izugarriak lortuz.
Hiru hondartzetako lasterketan, Yowhans eta Tsegay lehenengo eta bigarren emakumeak izan ziren, hurrenez hurren, eta mutiletan, berriz, Grimay eta Hayleslassie lehenengo hogei gizonen artean sailkatu ziren.
Donostiako Klasikoan, Yowhans lasterketako emakume azkarrena izan zen berriro ere, iazko garailearen marka lau minututan murriztuz, eta Tsegay hirugarren postuan sailkatu zen. Mutilek ere egundoko trebetasuna erakutsi zuten, biak berriro ere lehen hogeien artean sailkatuta.
Etiopian oso bestelakoa den klima batera ohituta daudenez, Donostian jasan dituzten baldintza klimatikoak nahiko arrotzak egin zaizkie bi probetan, haizeari, euriari eta hotzari aurre egin behar izan dietelako. Hala ere, bistan dago, zailtasunak zailtasun, lau lasterkari hauek abiada bizian lehiatuko direla azaroaren 10eko lasterketan ere, eta haien entrenatzaileak argi utzi duenez, proba “irabaztera” etorri dira.
Lasterka jarraitzeko bultzada
Etiopia Utiopia fundazioa Donostian sortu zen, duela hamar urte, Etiopiako zonalde behartsuenetako bat den Tigray eskualdearen garapena bultzatzeko helburuarekin. Zentzu horretan, fundazioko kideek hainbat arlotan egiten dute lan: osasunean, hezkuntzan, genero berdintasunean, elikadura burujabetzan… Lan ildo horien artean, kirolari loturiko proiektu pertsonalei ere garrantzia ematen diete, eta horren harira hasi ziren hango komunitateko korrikalariak Donostiako lasterketa ezagunera ekartzen. Behobia-Donostiako antolakuntzak, bere aldetik, laguntza eskaintzen dio fundazioari dortsal solidarioaren proiektuaren bidez. Egitasmo horiei esker, aurten etorritako lau lasterkariek pisuzko erronka bati aurre egiteko aukera izango dute, baita herrialde eta kultura berri bat ezagutzeko ere.
Bitartean, Behobia-Donostiaren zain daudela, lau lasterkariak buru-belarri ari dira entrenatzen, haien herrialdean daukaten diziplina sendoari eutsiz. Izan ere, Wukron, goizean goiz jakitzen dira egunero goizeko seitan entrenatzen hasteko.
Ondoren, ordea, oso bestelakoak diren zereginak egitera joaten dira, haietako inor ez baita kiroletik bizi. Tsegay, esaterako, erizaintzako ikaslea da, eta klasean ez dagoenean, etxean laguntzeko erabiltzen du bere denbora. Hayleslassie, berriz, hamargarren mailako ikaslea da, eta Grimayk, bere aldetik, lantegi batean egiten du lan. Yowhans ere ikaslea da, eta Fanta, guztien entrenatzailea, eskola bateko irakaslea da.
Denek dute, baina, atletismotik bizitzera heltzeko helburua, eta amets hori betetzeko bidean, Donostia-Behobian korrika egitea pauso garrantzitsua izango da beraientzat.