«Fikzioa da, eta horren erakustaldi bat egiten du filmak»
Aritz Morenoren (Gros, 1980) 'Ventajas de viajar en tren' filmaren emanaldiarekin bukatuko da gaur 30. Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astea. Pozik dago, bere jaialdirik kutunenean aurkeztu duelako bere lehen film luzea. Zinema areto komertzialetan azaroaren 8an estreinatuko dute.
Tren batean abiatzen da filma, bi ezezagunen arteko solasaldi batekin. Zer gehiago aurreratu dezakezu?
Ba, ezer gutxi konta daiteke. Bi bidaiarik, emakume batek eta psikiatra batek, elkar ezagutzen dute, eta orduantxe hasten da erabateko delirioa. Azkenean, trenarena aitzakia bat da, macguffin bat da. Xelebrea iruditu zitzaidan horrelako izenburua izanik trena ia ez agertzea.
«Egiantzekotasuna gainbaloratua dago», entzuten da filmaren trailerrean.
Horretaz doa filma. Fikzioa da, eta horren erakustaldia da, eta hala aldarri egiten dio etengabe publikoari. Pelikula bat dela jakinda egindako pelikula bat da. Hori da filmaren jolasa, denak balio duela. Jendeak badaki zinema areto batera sartzen ari dela, eta fikzio bat ikusiko du, bere ondorio guztiekin.
Fikzioa egiterakoan modu askeagoan egiten duzu lan?
Bai. Film honetan arau guztiak apurtu ditugu, kontzienteki, eta asebeteta nago egin dugun lanarekin, egin nahi genuen film horretatik oso gertu dagoelako.
Antonio Orejudoren eleberriaren egokitzapena da. Nola izan zenuen liburuaren berri?
Leire Apellanizek [Sr. & Sra ekoiztetxeko kidea] pasa zidan liburua. Asko gustatu zitzaion, eta gure bulegora ekarri zidan. Halere, berak ez zuen filma irudikatu, ezinezkoa iruditu zitzaion istorioa zinemara egokitzea. Irakurri nuen, izugarri gozatu nuen, eta nik bai, nik filma ikusi nuen neure buruan, oso argi. Oso film martzianoa zen, baina nik ikusten nuen. Leireri esan nion film bat egiteko, aukera ikusten nuela, eta proiektuari ekin genion. Nola-hala hasi ginen. Ni neu Orejudoren argitaletxearekin jarri nintzen harremanetan, eta egilearengana iritsi ginen.
Gure lehen film luzea egiteko proiektu bat zen, eta une hartan gure ekoiztetxea, Sr. & Sra. ireki berri genuen. Eta hau guztia azaldu genien. Donostiako bi lagun ginela, ez genuela sosik, baina eleberriarekin flipatu genuela. Orejudok baietz esan zigun hasieratik, eta bueno, uste dut pentsatu zuela inola ere ez genuela egingo filma [barrez].
Zailtasunak zailtasun, pixkanaka, filma hazten hasi zen.
Oso pixkanaka, bai. Bost urte dira hasi ginenetik. Hasierako zirriborro bat egin nuen, eta gidoilari bat bilatzen hasi ginen. Gure gidoilari gustukoenen zerrenda egin genuen, eta lehen postuan Javier Gullon zegoen [Enemy egokitu zuen Denis Villeneuventzat]. Bere posta lortu nuen Googlen, idatzi genion, eta berehala erantzun zidan. Gure zalea zela esan zigun, nire film labur bat, Colera, ezagutzen zuen, eta gainera, liburua gustatu zitzaion. Hari ere esan genion ez genuela dirurik, baina berak ere bat egin zuen proiektuarekin. Hortik aurrera, zorte handia izan genuen. Zinemaldia hasi zen koprodukzio tailer batzuk egiten, eta gure proiektua hautatu zuten. Morena Films ekoiztetxeko Juan Gordon zen tailerreko arduraduna. Ordurako gure proiektua nahiko osatua zegoen, gogotsu ikusi gintuen, baina esan zigun erokeria bat iruditzen zitzaiola. Baina, bere ekoiztetxeko kide batek konbentzitu egin zuen, eta horrela lortu genuen haien babesa. Aurrerapauso erraldoia izan zen, behar genuen babes ekonomikoa eta egitura emango ziguten. Eta horrela egin dugu filma, pixkanaka. Ezezko asko ere jaso genituen aurretik, jakina. Leirek eta biok bakarrik ezingo genukeen egin.
Egin dizuten elkarrizketa batean irakurri dut ez dela ikusle guztientzako film bat.
Ez dut uste nik halakorik esan dudanik, agian horrela interpretatuko zuen kazetariak. Uste dut mundu guztiak ikusi behar duela filma, eta norberak erabakiko du ea denontzat den ala ez. Adibidez, Joker filmarekin ere jendeak antzeko komentarioak egiten zituen, eta sekulako arrakasta lortzen ari da. Iruditzen zait ikuslea infantilizatzen dugula hori esaten badugu. Denok esaten dugu, ‘film hau pila bat gustatzen zait, baina ez dakit gomendatuko nukeen’. Bueno, niri gustatzen bazait, zergatik ez zaio jende gehiagori gustatuko? Ez naiz besteak baino azkarragoa! Ez zaio mundu guztiari gustatuko, baina uste dut ez dagoela mundu guztiari gustatu zaion filmik.
Antonio Orejudoren eleberritik zerk erakarri zintuen gehien?
Horrelakorik ez dut inoiz irakurri. Generoak nahasten ditu. Thriller bat da, beldurra ere badago, salaketarako tarteak ere baditu, baita komedia ere. Gainera, niri asko erakartzen nauen umorea du, beltza, oso deserosoa. Lan hau erronka handi bat zen niretzat, film berean film asko daudelako. Zaila da film bat egitea, agian ez ditut gehiago egingo, baina hau eginda, gustura geratuko naiz [barrez].
Komedia aipatu duzu. Errealitatea komediaren bidez kontatzea gustuko duzu?
Umorearen bidetik ibiltzea gustatzen zait, bai. Uste dut umorearen bidez gauza oso serioez ere hitz egin daitekeela. Filmean azaleratzen dira, esaterako, harreman toxikoak, genero indarkeria, gerren interes politiko eta ekonomikoak, gizakien trafikoa…
Zinema asko ikusten duzu?
Zinema asko ikusten dut Donostiako Zinemaldian lan egiten dudalako, atal teknikoan. Jaialdira ekartzen dituzten kopiak berrikusi behar ditut. Pentsa, Zinemaldia hasi baino lehen 84 film ikusi nituen lau astean. Aurretik, Tabakaleran lan egin dut proiekzionista moduan. Lanaren bidez, beste modu batera inola ere ikusiko ez nukeen zinema ikusi dut, eta asko eman dit horrek. Azken Zinemaldian, esaterako, asko gozatu nuen Joker (Todd Phillips), Parasite (Bong Joon-ho), Lighthouse (Robert Eggers), eta Ema (Pablo Larrain) filmeekin. Asko gustatu zitzaizkidan.
Film laburretan eskarmentu handia duzu, baina hau izan da zure lehen film luzea. Nolakoa izan da esperientzia?
Film labur bat hiru egunean grabatzen duzu, eta hau zazpi asteko grabazioa izan da. Harrigarria izan da niretzat, baina film labur bat egitea baino erosoagoa izan da. Dena askoz egituratuagoa dago, babestuago zaude. Oso lan zorrotza da, jakina, egun asko dira, eta burua eta gorputza asko nekatzen dira, baina nik okerrago pasa dut film laburrak egiten. Moriartiko Jose Mari Goenagak ere gauza bera esan zidan, aholkua eskatu nionean. Momentuan ezin nuen sinetsi, baina hala da. Film luze batean zure lana egiten duzu, labur batean, ordea… Nik nire laburrak ekoizten nituen, eta pisu handia neraman gainean. 50 lagun doan lanean ikustea, artearengatik eta asko maite nautelako. Erantzukizun handia da hori, eta azkenean, zuzendaria baino gehiago, ekoizle izaten bukatzen nuen. Eta hori ez da bateragarria. Hamairugarren aldiz berriz eszena bat filmatu nahi duzunean, asko kostatzen zaizu esfortzu gehiago eskatzea. Jendeak etxera joan nahi du. Film luze batean dena erosoagoa da. Kastingean ere nabaritzen da, talentu handiko jendea lortu dugu, eta lana errazten du izugarri.
Zifra biribila bete du Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Asteak: 30 urte igaro dira abian jarri zutenetik. Ilusioa egiten dizu?
Kasualitatea izan da, baina niretzat oso berezia da. Nire jaialdirik kutunena da. 18 urte bete eta joateko baimena lortu nuenetik joan naiz Beldurrezko Astera. Uste dut jaialdirik libre eta dibertigarriena dela, eta beharrezkoena ere bai. Zergatik? Jaialdiak oso zurrunak izan ohi dira, eta hiri hau bereziki ere bai. Donostiak behar du jaialdi hau. Nigan eragin handia izan du, dudarik gabe. Genero hau da gehien gustatzen zaidana, eta hemen ikusi ditudan film askori esker asko ikasi dut. Asiako zinema ere eragin handia izan da.
Pena ematen dit gaurko emanaldian ez naizelako egongo, Tokioko Zinemaldian egon behar dudalako, baina gonbidatu bereziak izango dira [Massiel abeslaria izango dela iragarri dute, filmean bere abesti bat dagoelako], eta ziur jendeak ondo pasako duela. Sitgesko jaialdian harrera ona izan du, eta jendeak txalotu egin zuen. Ikusiko dugu zer gertatzen den Donostian!