"Gipuzkoan, bakarrizketak egitera animatzeko nolabaiteko beldurra edo lotsa daukagula iruditzen zait"
Buruan dituen ideiak mundura zabaltzeko asmoz igotzen da Aitor Nabarro oholtza gainera. Bakarrizketak eta antzerkiak egiten ditu, eta dagoeneko, zinemaren munduan muturra sartzen hasia da ere.
La Farandulako taberna aukeratu duzu elkarrizketarako. Zergatik?
Asko atsegin dudalako eta hemen maiz egiten dudalako lan. Hain zuzen, abenduaren 5ean nik idatzitako beste antzerki bat estreinatuko dut leku honetan, Laura Muñoz eta Conchi Vicensekin batera. Obrak El perchero du izena, eta komedia bat da. Taberna batera etorri eta antzerki edo bakarrizketak entzun ahal izatea apartekoa da.
Hemen ez da batere ohikoa taberna batera sartu eta bakarrizketa batekin topo egitea.
Donostian ez dago bakarrizketarako ohitura handirik. Muñozek eta biok lehiaketa bat antolatu genuen iaz Dabadaban, eta parte hartzeko deitu ziguten gehienak Madril, Zaragoza eta Bilbokoak ziren. Hemen badago jendea, baina iruditzen zait orokorrean bakarrizketak egitera animatzeko nolabaiteko beldurra edo lotsa daukagula.
Zer behar da ba oholtzara igo eta bakarrizketa bat egiteko?
Ba, beldurra eta lotsa hori kentzea, noski. Besteek esan dezaketenaren menpe ez bizitzea, alegia. Gipuzkoan atmosfera ilun batean gaude, eta hortik irtetea kosta egiten zaigu. Bizkai edo Arabara joanez gero, ordea, askoz sentsazio hobea sentitzen dut bakarrizketarako. Horretarako giro hobea daukate.
Nola eman zenuen bakarrizketatik antzerkirako jauzia?
Antiguako Kandela tabernan hasi nintzen bakarrizketekin, egungo Doka antzokian. Behin, lehiaketa bat egin zuten, eta hor aurkeztu ginen ni, Ion Martinez Txiki, Jon Plazaola, Alex Rabanal eta beste asko. Hor ezagutu genuen elkar. Nik finalera heltzea lortu nuen, baina Jon Plazaolak irabazi zuen. Kabroia.
Hortik aurrera, ordea, Txiki-rekin batera emanaldi gehiago antolatzen joan nintzen, eta urte gutxira antzerki eskolan hastera ere animatu nintzen. Han zorte handia izan nuen, Esther Esparza handiarekin ikasi nuelako. Irakasle paregabea izan zen eta antzezteko eta idazteko grina kutsatu zidan.
Gidoiak idazterakoan, zer da gehien kostatzen zaizuna?
Orijinala izatea eta betiko gaietan ez erortzea. Hori da zailena. Ni asko identifikatzen naiz [Luis] Garcia Berlangarekin. Kritika soziala eta umorea nahasten ditu, eta ni ere hori egiten saiatzen naiz.
Aurten, bi osagai horiek dituen antzerki obra bat argitaratu duzu La casa de los cuerdos liburuarekin.
Bai, eta datorren astean aurkeztuko dut, Errenteriako Noski liburu dendan. Eroetxe baten istorioa kontatzen digu; eroetxe berezi batena, hain zuzen, hor bizi direnak ez direlako eroak. Arazo psikologikoak dituzten pertsonak dira, bai, baina beraiek ez dira arazoa. Arazoa gizartea da, eta eroak, berriz, eroetxetik kanpo dauden pertsonak dira. Kasu honetan, pazientea ondo sentitzen denean, gizartera bueltatzen da, baina hortik gutxira berriro eroetxera etortzen da, gizartean berriro ere erotu egin dutelako.
Diruaz gain, antzezle gisa zer jasotzen duzu oholtzara igotzearekin?
Barruan daukadana plazaratzeko balio dit, eta horrek indartu egiten nau. Mikrofono bat eskutan izateak berak hunkitu egiten nau, izan bakarrizketa baterako edo antzerki baterako. Nire barneko mundua kanpora ateratzeko behar hori sentitzen dut.
Noiz ikusi zenuen grina hori ogibide bilakatu behar zenuela?
Ikastola garaitik nahiko argi izan dut horretan lan egingo nuela. Ni oso ikasle txarra nintzen, baina hizkuntzari loturiko ikasgaietan nola edo hala moldatzen nintzen, idazlanak oso ondo egiten nituelako. Gainerako guztia agian ez, baina idazlanak ondo zeuden, eta horri esker gainditzen nituen azterketak. Behin, irakasle bat hurbildu zitzaidan eta argi eta garbi hitz egin zidan: ”Aitor, segi ezazu horrela. Idatzi, idatzi eta idatzi”. Eta, azkenean, berarengatik agian, bide hori jarraitu dut.
Zinema asko goraipatzen da Donostian, baina zer moduz bizi da antzerkia hiri honetan?
Bueno, ni antzezle naizen heinean, ahal dudana egiten dut eta ondo bizi naiz. Hori bai, ez da gauza erraza. Lan asko egin behar duzu eta oso tematia izan behar zara.
Tabakalera eta Lugaritzen moduko lekuetara sartzea zaila da, eta atea behin eta berriz jo behar da irekitzen dizuten arte. Baina hori hemen gertatzen da, eta baita Bilbon, Madrilen eta beste edozein lekutan ere. Norberak ikusi behar du zer egin aurrera egiten jarraitzeko. Badakigu nork agintzen duen hemen, eta baita hirian zer nolako programazio kaskarra eskaintzen den ere. Eta, horren aurrean, bi aukera dituzu: etengabe kexatzea edo lanean jarraitzea.
Aurrera begira, zein proiektu duzu buruan sartuta?
Duela gutxi, Laura Muñozek eta biok eginiko Creando nubes antzezlanaren film-laburra estreinatu genuen, eta datorren urtean esperientzia hori errepikatzeko asmoa daukagu. Bigarren film-labur bat egingo dugu, beldurrezkoa, eta Olentzero eta Mari Domingi izango ditu protagonista gisa. Bere izenburua Abenduak 24 izango da, eta ni gidoia egiteaz arduratuko naiz.
Hemendik urte batzuetara, berriz, pelikula bat egitea gustatuko litzaidake. Westernak asko gustatzen zaizkit, eta spaghetti western-ak egin diren modura, nik euskal western bat sortu nahiko nuke. Bai, bai. Egin daitekeen zerbait da. Azken finean, garai hartan Ameriketako Estatu Batuetan zegoena hemen ere izan genuen.
HAMABIETAN BERMUTA. Zuritoa limoiarekin eta patatak.
Non. La Farandula (Egia).
Prezioa: 3,20 euro.