Ramputene, zabortegi batean sorturiko skate parkea
Donostiak egun euritsuetan skatean ibiltzeko gunerik eskaintzen ez zienez, lagun talde batek estalpeko skate parke bat eraikitzeko proiektua abiatu zuen duela bi urte Martutenen. Barkaiztegi bidean hasi ziren lanean, errepide azpian zegoen zabortegi ilegala garbituz, eta egin duten esfortzuari esker, hiriak parke berri bat dute orain.
Euria egiten duen egunetan non patinatu izateko, skatean ibiltzen urteak daramatzan lagun talde batek Ramputene izeneko skate parkea sortu du Martutenen, Barkaiztegi bide gaineko errepidearen azpian. “Donostian ez zegoen egun euritsuetan skatean behar bezala ibiltzeko lekurik, eta itxaroteaz nekaturik, gure kabuz bat sortzea erabaki genuen”. Hitz horiekin azaldu du Aymar Nietok, Ramputeneko kideak, euren egitasmoaren sorrera.
Eraikuntza lanak duela bi urte hasi zituzten, baina aurretik, garbiketa lan sakona egin behar izan zuten, errepide azpiko gunea lehen zabortegi ilegal bat zelako: “Hau dena obra-hondakinez eta zaborrez beteta zegoen, eta eskuekin, pixkanaka husten joan ginen”. Horretan ari ziren bitartean, lehen arrapala eraiki zuten, garbiketa lanak egin ostean skatean ibiltzeko aukera izateko: “Horrela lanera etortzeko motibazio estra bat genuen”.
Denbora horretan zehar, hamarnaka lagunek hartu dute parte parkearen sorreran, eta hura eraikitzeko behar izan duten materiala euren poltsikoetako diruarekin ordaindu dute: “Hasiera batean elkartu ginenok erabaki genuen bakoitzak 30 euro jarriko genituela, eta diru horrekin proiektua abiatzeko hormigoia eta blokeak erosi genituen”. Gerora, berriz, Ramputenen eginiko ekitaldien bidez lortu dute finantzazioa, kamisetak eginez, ogitartekoak eta edariak salduz, eta abar.
Azpiegitura falta
Kolektiboko kideek gogoratu dute Donostiako Udalak 2011n Larratxon estalpeko skate park bat eraiki zuela, baina azaldu dutenez, parkea gaizki egin zuten, eta euria egin zuen lehen egunetik itoginak atera zitzaizkion.
Saguesen skate parke bat eraikitzeko ere eskatu izan dute sarritan, baina Anoetako skate parkeko moduluak hara mugituz egin dutena adabaki bat besterik ez dela uste dute: “Saguesen skatean gabiltzanontzako gune bat sortu izatea ondo dago, baina azpiegitura ez da egokia, eta espero dugu etorkizunean hor behar bezalako skate parke bat egitea”.
Estalpean egoteaz gain, Martuteneko skate parke berriak badu hiriko gainerako guneek ez duten ezaugarri bat: skaterrek skaterrentzat eraikitako espazio bat dela, eta zentzu horretan, eraikuntza prozesua oso aberasgarria izaten ari dela nabarmendu du Nietok, harremanak indartuz, kolektiboko kideak proiektuaren inguruan batu egin direlako. Gainera, haien behar eta gustuen araberakoa den parkea sortzeaz gain, eraikuntzan parte hartu duten kideek asko ikasteko aukera izan dutela azpimarratu du.
Auzoan errotzea helburu
Auzoak harrera ezin hobea egin dio Ramputeneri. Izan ere, jaiei hasiera emateko pregoian, Martuteneko jai batzordeak mikrofonoa utzi zien eta euren proiektua auzotarrei azaltzeko aukera eman zien: “Auzoko jendeak babes osoa adierazi digu, eta hori oso garrantzitsua izan da guretzat, gure kabuz hasitako proiektu honetan bakarrik ez gaudela erakutsi digutelako”.
Kolektiboko kideen helburua herritar guztientzako irekia den parke bat eskaintzea da, eta zentzu horretan arrakasta izaten ari direla onartu dute: “Auzoari gune berri bat eskaintzea bilatu dugu, eta bertako gazte eta guraso batzuk etortzen hasi dira jada, eta baita hiriko beste puntu batzuetako skaterrak ere”.
Gainera, auzoko jaiekin bat eginez, Rampufest jaialdia antolatu zuten parkean, haien egitasmoa ezagutzera ematen jarraitu eta festarako gune alternatibo bat eskaintzeko helburuarekin. DJ-ekin girotuta, festak hamarnaka lagun elkartu zituen Barkaiztegi bideko txokoan, eta eguerdian hasitako festa gauera arte luzatu zuten fokuen laguntzarekin