Santa Klara irlako itsasargia eta bere ondarea
Historia luzea duen gune bat da Santa Klara irla, XIX. mendean itsasargia eraiki baino lehen, ermita bat, hainbat gotorleku eta, ziur aski, hilerri bat egon baitziren han. Beraz, ondare asko duen gune bat da, eta Cristina Iglesiasen eskultura itsasargian jartzeko egiten ari diren lanak aprobetxatuta, ikerketa arkeologiko bat egiten ari da Aranzadi Zientzia Elkartea.
Urriaren 7an jarri zuten Santa Klara itsasargiko garabia, eraikina hustu eta han Cristina Iglesiasen eskultura egiteko. Hustuketa egiten ari diren langileekin batera, udalak kontratatuta, Aranzadi Zientzia Elkarteko langileak daude han, lur mugimenduak egiten dituzten lekuetan kontrol arkeologikoak egiten. Izan ere, Alfredo Moraza Aranzadiko arkeologoak azaldu duenez, derrigorrezkoak dira kontrol horiek: “Zonalde hori, gune historiko gisa, presuntzio arkeologikoko gunea da, beraz, edozein obra eginez gero, kontrol arkeologikoak egin behar dira”. Baina ez dira kontroletan soilik geldituko, izan ere, ikerketa arkeologiko bat ere egingo dutela nabarmendu du Morazak: “Derrigorrezko kontrolak aprobetxatuta, ikerketa bat bultzatu du udalak, han egon daitekeenari garrantzia emateko”.
Ikerketa hori oraindik ez dute aurrera eraman. Morazaren arabera, eraikinaren hustuketa lanak “aurreratuagoak daudenean” abiaraziko dute. Izan ere, “zundaketa edo indusketa arkeologikoak” egingo dituzte itsasargiaren inguruan, han egon daitekeen ondarea dokumentatzeko. Morazak azaldu duenez, radar bidezko zundaketa geotekniko batzuk egin dituzte jada, eta momentuz ez da ezer azaldu, baina “oraindik gauzak azaltzeko aukera dago”. Izan ere, asko dira itsasargian azaldu daitezkeen gauza baliotsuak, arkeologoaren arabera: “Badakigu hor ermita bat egon zela, eta, itsas portu guztietan bezala, gaixotasunen bat izateko itxura zuten pertsonak koarentenan jartzen zituzten Donostian ere, irlan hain justu”. Horietako batzuk han hiltzen ziren, horregatik, “kanposantu bat” ere badagoela pentsatzen dute Aranzadin. Bestalde, Morazaren arabera, “nahiko posizio estrategikoa denez, gerrate guztietan irla gotortu dute, eta posible da gotorleku horien aztarnak aurkitzea”. Horretaz gain, historiaurreko arrastoak ere azaldu daitezkeela azpimarratu du Morazak: “Ulian, Igeldon eta Urgullen historiaurreko aztarnak daude, eta posible da irlan ere garaiko bizitoki bat agertzea. Momentu hartan, irla ez zen irla bat, itsasoa askoz atzerago baitzegoen”.
Zerbait agertuz gero, dokumentatu egingo dutela azaldu du Morazak, ondoren han utzi eta itsasargiko lanekin jarraitzeko: “Azken hitza Gipuzkoako Foru Aldundiak dauka, baina harrizko pareta bat azaltzen bada, esaterako, segur aski ez da Gordailura eramango. Dokumentatu egingo da, eta hor utziko da, Bulebarreko eta Alderdi Ederreko lanak egin zirenean bezala”. Hala ere, Morazak nabarmendu du aztarna horiek guztiak ez direla zertan itsasargian azaldu behar: “Posible da aztarnak topatzea, baina horrek ez du esan nahi itsasargian daudenik, irlan daude”. Hain zuzen, itsasargian zerbait aurkitzea ez dela erraza izango deritzo arkeologoak: “Eraiki diren gauza guztiekin zonalde batzuk oso harrotuta daude, beraz, zaila izango da hor zerbait aurkitzea”. Horregatik, itsasargitik kanpo egin beharreko indusketak udaberrian egingo dituzte, “ikerketa prozesutik kanpo”. Horren harira, Morazak azaldu du ikerketan azaltzen denaren arabera, aztertuko dela irlako bisitak gehiago mugatu behar diren edo ez.
Itsasargiaz gain, beraz, irlak bere osotasunean du ondare balioa. Hala deritzo Aitor Buitronek, Euskal Itsas Museoko Hezkuntza arduradunak, eta harago doa, irlaren izaera nabarmenduz: “Inguruan duen guztiagatik eta duen izaera bereziarengatik baloratu behar dugu irla, ez soilik gizakiak han sortu duenarengatik: abestiengatik, kondairengatik, hango sugandila endemikoagatik, eta abar”. Gauza horiek guztiak “gure izaeraren parte” direla azaldu du Buitronek, eta, beraz, “irla osoa ondare moduan” ulertu behar dela. Hala ere, indusketa arkeologikoak egiterakoan zerbait aurkituko dutela uste du Buitronek: “Gauzak aurkituko dira, urteen poderioz egiturak bata bestearen gainean pilatu dituztelako. Ez dakit harribitxiren bat azaldu daitekeen, baina bai gauza garrantzitsuren bat”. Ildo beretik jo du Jonander Agirre arkitektoak. Izan ere, “itsasargiak balio arkitektonikoa” duela nabarmendu du, irlaren balio nagusia “definitu gabeko espazio bat” dela azpimarratuz. Bestalde, itsasargiak industria ondare gisa ere balioa duela adierazi du Buitronek, duen formarengatik: “Urgullen bere garaian egon zen itsasargiak, Igeldokoak eta Santa Klarakoak berezitasun bat dute komunean: gotorleku forma dutela”.
Horren harira, Cristina Iglesiasen interbentzio artistikoa “oso agresiboa” iruditzen zaiola azpimarratu du, eta udalak hiriko ondarearekin duen jarrera kritikatu du: “Kontua ez da ondarea babestea edo ez babestea, baizik eta oso konfiantza gutxi daukagula herritarrok interbentzio horietan egingo dutenaren inguruan”.
Irlaren historia luzea
Santa Klara irlak, Donostiako parte garrantzitsu gisa, historia garrantzitsua du, eta askotarikoak izan dira irlan egon diren eraikuntzak, eman zaizkion erabilerak eta proposatu diren proiektuak.
Morazak azaldu duenez, dokumentuetan aipatzen den lehen eraikina irlari gaur egun izena ematen dion Santa Klara ermita izan zen. XVI. mendetik aurrera aipatzen da ermita hori, baina Urgull mendian dauden Erdi Aroko eta erromatar garaiko aztarnak aintzat hartuta, baliteke zaharragoa izatea. Aranzadi elkartearen datuen arabera, Donostiako San Bartolome komentuaren eskuetan zegoen ermita, eta irlaren goialdean kokatuta zegoen, 100 metro karratu inguruko azalerarekin (13×8 metro). Hala ere, Morazak azpimarratu du ez dagoela argi ermita itsasargiaren leku berean edo “hamar metro atzerago” egon zen. Ermita horren ondoan beste eraikuntza txiki bat zegoen, eta hor bizi zen Santa Klarako ermitaua, irlan eskuratzen zituen baliabideekin eta herritarren limosnekin biziraunez.
Bestalde, Morazaren arabera, “lazareto bat” ere egon zen irlan. Izan ere, esan bezala, XVI. eta XVII. mendeetan, munduko beste hainbat irlatan bezala, ohikoa zen Santa Klarara gaixotasunak zituzten marinelak eramatea, izurriteak hirian ez zabaltzeko. Pertsona horiek hiltzen zirenean, aipatu hilerrian lurperatzen zituztela uste dute Aranzadin, baina ez horiek bakarrik. “Katolikoak ez ziren guztiak” ere han lurperatzen zituztela azaldu du Morazak. Aipatzekoa da 1700. urtean marinel batek idatzitako testu bat, non azaltzen duen hilotzak irlara eraman behar zituztenean, herritarrek “hori infernura doa!” oihukatzen zutela.
Horretaz gain, irlan fortifikazioak eta bestelako eraikuntzak egiteko hainbat proiektu egon zirela azpimarratu du Aranzadiko arkeologoak, nahiz eta asko ez ziren gauzatzera iritsi. Beste batzuk, ordea, gauzatuak izan ziren, hala nola, 1719ko Lauko Aliantzaren Gerran egindakoa eta 1813ko Napoleondar Gerran egindakoa. Horren harira, duela gutxi irlan “kanoi bola bat” aurkitu zutela aipatu du Morazak.
Azken gerra horretan, ermita guztiz suntsituta gelditu zen, eta ez zen beste ezer eraiki 1850. urtera arte. Santa Klara irlako ehiztarien elkarteak eraikin txiki bat egin zuen orduan, baina haren erabilera ez dago argi. 1864an, ordea, Espainiako Estatuak gaur egungo itsasargia eraiki zuen, jatorriz solairu bakarra zuena, eta, 1872an, ehiztarien elkartearen eraikin txiki hori erosi zuen.
Buitronek azaldu duenez, Andoain abizeneko farozain santoñatar bat egon zen itsasargian urte luzez, 1968an automatizatu zuten arte. Igeldoko itsasargira bidali zuten orduan farozaina, 1974an hori ere guztiz automatizatu zuten arte. Bitxikeria gisa, tiratzaile olinpikoa zen farozain hori, eta bost Olinpiar Jokotan parte hartu zuen, Londres 48tik Tokio 64ra, hain zuzen.
Munduko beste itsasargi batzuk
Buitronek azaldu duenez, itsasargiek ezinbestekoak izaten jarraitzen dute gaur egun: “Nahiz eta itsasontziek radarrak eta horrelako tresnak izan, itsasargiak ez dira desagertuko, itsas sarrera bat konplexua denean hori delako erreferentzia nagusia”. Hala ere, argi dago gaur egun ez direla lehen ziren bezain beharrezkoak, eta, gainera, gizarteak itsasargiak ikusteko duen modua beste bat dela nabarmendu du Buitronek: “Aldatu egin da itsasargien eta han bizi zirenen kontzeptua, farozain gutxi daude gaur egun, eta gizartearen ikuspegia erabat aldatu da”.
Gainera, farozainak desagertzen joateak itsasargietako eraikinen egoera okertu du zenbait kasutan, besteak beste, Santa Klarako itsasargian. “Arazoa erabilera da”, Morazak azaldu duenez: “Etxe guztietan bezala, norbait ez badago, hondatzen joaten dira”. Horregatik, itsasargiak nola mantendu da mundu mailan dagoen erronka.
Itsasargiak mantentzeko hainbat eredu daude mundu osoan. Joan den astean, esaterako, Danimarkako Rubjerg Knude itsasargia 70 metro inguru mugitu zuten, itsasoarengandik babesteko. Buitronek azaldu duenez, etxebizitza pribatuak ere egin dituzte beste leku batzuetako itsasargietan: “Leku batzuetan saldu egin dituzte eta etxebizitzak egin dituzte itsasargia zaintzeko baldintzarekin. Ez da farozain figura hori, baina antzeko zerbait da”. Bestalde, hotelak, kultur ekipamenduak eta naturaren interpretazio zentroak egin dituzte munduko beste itsasargi batzuetan, beraz, erantzun zehatzik gabeko erronka da oraindik, Buitronen arabera: “Itsasargiekin zer egin dioten nazioarteko gomendio batzuk daude, baina gomendio horiekin zer egin eta nola aurrera eraman da erronka nagusia. Eredu desberdinak daude, baina behintzat eraikinak mantentzearen alde egiten da”.