Big Bob Railroad taldeak disko berria argitaratu du
Bere bigarren diskoa argitaratu berri du Big Bob Railroad blues akustiko bikote donostiarrak: Session II. Josu Etxeberria taldekideak azaldu duenez, lehenengo diskoak –Session I (2017)– bezala, zazpi abesti ditu bigarren disko honek, horietako sei taldeak propio euskaraz konposatutakoak eta bertsio bat. Aurreko diskoan sartu zuten bertsioa Son Housen My Black Mama izan zen, eta oraingoan Mississippi Fred McDowellen Highway 61 abestia sartu dute. Horretaz gain, lehenengo diskoan zegoen Landare O abestia berritu dute, eta bigarren diskoa ixten duen pieza da. Diskoa plataforma digitaletan entzun daiteke jada, eta Etxeberriaren arabera, laster izango dute formatu fisikoan, kontzertuetan jendeak eskuratu ahal izateko.
Aitor Ibarguren gitarra eta perkusio-jotzaileak eta Josu Etxeberria perkusio-jotzaile eta abeslariak 2016an sortutako taldea da Big Bob Railroad, eta Mississippi ibaiko (AEB) deltako blues estiloa jotzen du bikoteak, euskarazko euren ukitu propioa emanez. Aipatzekoa da, gainera, iazko Buskers kaleko musikaren jaialdia irabazi zutela. Hilaren 23an aurkeztuko dute disko berria Donostian, Intxaurrondo Kultur Etxean, hain zuzen.