Bulebarreko kioskoa itxi du egungo arduradunak, gastuengatik itota
Baja bat hartu ostean jasangaitzak bilakatu zaizkion gastuen eta salmentaren beherakadaren ondorioz, Xoan Suarezek saltokiaren pertsiana jaitsi du.
Bulebarreko 22. zenbakian dagoen kioskoak duela hilabete eta erdi saldu zuen bere azken egunkaria. Egungo arduradunak 2018ko urtarrilean hartu zuen kioskoa, Donostiako Udalak antolatu zuen lehiaketa publikoa irabazi ondoren.
Vicky Hernandezek eta Roberto Cigandak 30 urtez kudeatu zuten negozioa, jubilatu egin ziren arte. Suarezek asmo horrekin ekin zion erronka berriari, erretreta hartu arte egunkariak saltzen lan egiteko ilusioarekin, alegia. Topatu duen errealitate gordinak, ordea, ixtera behartu du.
IRUTXULOKO HITZAk Suarez elkarrizketatu zuen negozioa bere gain hartu eta egun gutxira. Berak azaldutakoaren arabera, auzotarrak pozik agertu ziren kioskoa berriz irekita ikusteagatik, eta hainbatek eskerrak eman zizkioten ardura hori bere gain hartzeagatik. Ia bi urte igarota, egoera erabat aldatu da galiziarrarentzat.
Kioskoa mantendu ahal izateko jasan behar izan duen oztopo nagusia udalak eraikinari ezarritako kanona dela azaldu du Suarezek. Kioskoa jabetza publikokoa da, eta udalak lehiaketa bidez egokitu zion bere kudeaketa. Hala ere, saltokia lehen mailako zonaldean kokaturik dagoenez, negozioaren kudeatzaileak 4.200 euroko kanona ordaindu behar dio urtero udalari, eta gaur egun gastu hori “guztiz jasangaitza” dela salatu du. “Urtetik urtera, prentsa idatziaren salmentak nabarmen egin du beheraka, baina udalak kuota hori berdin mantendu du azken 20 urteetan zehar”.
Gainera, saltoki handiek konpetentzia handiegia egiten diotela adierazi du Suarezek: “Ogi Berrik, La Tahonak, gasolindegiek… lasaitasun osoz saldu ditzakete egunkariak, eta horrek konpetentzia biderkatu egiten digu kioskoei, eta jada salmenta orokorra beherantz badoa, ba…”. Eta, hori gutxi balitz, banatzaileek, euren salmenten beherakada orekatzeko asmoz, kioskoei garraio kanon bat ezarri berri dietela azaldu du Suarezek, saltzaileen egoera are gehiago zailduz.
Atsedenik gabeko lana
Kioskoa irekita mantendu ahal izateko egundoko gurutze-bidea jasan behar izan du Suarezek azken urte eta erdian. Udalaren zesio publikoaren hitzarmenak zehazten du kioskoak urtean 362 egunetan egon behar duela irekita, eta saltzaileak astelehenetik igandera egun osoko lanaldiak egin dituen arren, egoerak gainezka egin dio azkenean. Udan turisten gorakadari esker ateratako etekina ez da nahikoa udalaren kanona ordaintzeko, eta urtean zehar irabazitakoarekin ez dago inguruan alokairu bat ordaintzerik ere. Besteak beste, lanarengatik jasandako presioagatik baja hartu behar izan zuen duela hilabete eta erdi, eta horrek suposatu dizkion galera ekonomikoek kioskoa ixtera behartu dute.
Bizi duen egoerari irtenbide bat topatzeko asmoz, udalarengana jo zuen Suarezek, eta prentsa idatzia zein kioskoak “babestu beharreko ondarea” direla argudiatuz, nolabaiteko laguntza bat eskatu zien bertako teknikariei. Azaldu duenez, “beste hiri askotan, kioskoei udal zergak kendu egin dizkiete, horiek babesteko helburuarekin”, baina udaletik eman zioten erantzuna oso bestelakoa izan zen saltzailearen arabera: “Esan zidaten jendeak digitala nahiago badu, beraiek ezin dutela ezer egin”.