'Dantza' filma arrakasta izaten ari da Argentinan egiten ari den biran
Joan den ostegunean, urriaren 31n, hasi zuten Txintxua Films ekoiztetxe donostiarraren Dantza filmaren bira Argentinan, eta harrera ona izaten ari da argentinarren artean. Telmo Esnal zuzendaria eta Gari Otamendi aktore nagusia ari dira proiekzioak aurkezten, eta aretoak betetzen ari diren ikusleen galderak erantzuten. Buenos Airesen, Rosarion, Villa Marian eta Mendozan egin dituzte proiekzioak asteburuan, eta Necoechean, Tres Arroyosen eta Bahia Blancan egingo dituzte asteazkenean, ostegunean eta ostiralean, hurrenez hurren. Etxepare Euskal Institutuaren, Eusko Jaurlaritzaren Euskal Komunitatearentzako Zuzendaritzaren, Argentinako Euskadiko ordezkaritzaren elkarlanaren ondorioz ari dira bira hau egiten.
Urriaren 30ean, gainera, euskal dantza ikastaro bat egin zuten Buenos Airesko Laurak Bat Euskal Etxean, eta horrelako beste bat egingo dute ostiralean, hilaren 8an, Bahia Blancako Euskal Astean.