Donostiako euskaltzaleen arteko topaketak egingo dituzte, euskararen aldeko erronka bateratuak bilatzeko
Uda ostean Donostian euskararen alde egindako hainbat saioren jarraipena egingo dute hilaren 16ko Donostiako Euskaltzaleon Topaketetan. Bagerak dinamizatuko ditu topaketak, eta Asier Basurto eta Maddi Juanikorena Bagerako kideek azaldu dutenez, azken hamar urteetan euskararen aldeko hiriko mugimenduak izan dituen aldaketak dituzte oinarri, aurrera begirako erronka bateratu bat sortzeko helburuarekin. Izan ere, auzoetako euskara batzordeen lana nabarmendu dute Basurtok eta Juanikorenak, eta euskararen aldeko mugimenduak dituen beharrei erantzuteko asmoa dutela topaketek.
Topaketak mugimendua “hobeto saretzera” datozela azpimarratu dute Bagerakoek, “informazio trukea eta elkarlanari begira”, horrela, hiriaren norabidean euskaltzaleek duten eragina handitzeko, eta mugimenduak bere ikuspegi propioa lantzeko autonomia lortuz. Esan bezala, hilaren 16an izango dira topaketak, San Telmo Museoan, 9:30etik 13:30era. Aipatu jarraipenaren diagnostiko zirriborro bat aurkeztuko dute lehenik, eta topaketen helburuak lantzeko hainbat ariketa egingo dituzte ondoren. Bukatzeko, hurrengo urteetarako bide orri komun bat bilatuko dute, eta bazkaltzeko aukera ere egongo da, 15 euroren truke. Hiriko euskaltzale guztiak joan daitezke topaketetara, eta azaroaren 14an itxiko dute izen-emate epea. Jarraian, topaketen egitarau zehatza:
- 9:30-9:45 Ongi etorria eta prozesuaren aurkezpena.
- 9:45-11:00 Diagnostikoaren aurkezpena eta talde dinamika.
- 11:00-11:20 Atsedena.
- 11:20-12:50 World kafea.
- 12:50-13:20 Aurrera begirako urratsak markatu.
- 13:20-13:30 Amaiera.
- 14:00 Bazkaria.