Hazien inguruko ikastaroak egingo dituzte Egiako parkean
Udazkenean jaso beharreko hazien inguruko bi ikastaro antolatu ditu Cristina Enea Fundazioak, azaroaren 5erako bat eta 6rako beste bat. Lan jardunaldi bat izango da lehena, non fundazioko Haziera hazi artxiboko hainbat landareren haziak –piperrak, kalabazina, errefautxoa, artobeltza, letxuga, eta abar– haziak atera eta garbituko dituzten, artxiboa eguneratua mantenduz. Era berean, hazien ugalketari eta baratzeko lanari buruzko zalantzak eta esperientziak partekatuko dituzte parte-hartzaileek, eta bakoitzak bere landareak eramateko aukera izango du, baita ere. Bestalde, poltsak eraman daitezke, kalabazak etxera eramateko. Asteartean, hilaren 5ean, izango da jardunaldi hori, 16:00etatik 20:00etara, Egiako parkean.
Hurrengo egunean, hilaren 6an, izango da hurrengo ikastaroa, 17:00etan, leku berean. Haziak ondo garbitzeko eta gordetzeko teknikak azalduko dituzte ikastaro horretan, eta zati praktikoa ere izango du, non hainbat landaretako haziak ateratzen, garbitzen, lehortzen eta gordetzen irakatsiko dieten parte-hartzaileei.