33.379 pertsonak eman dute izena Behobia-Donostian, historiako bigarren izen-ematerik handiena
33.379 izen-emate izan ditu Behobia-Donostia lasterketak 100 urte betetzen dituen urte honetan, bere historiako bigarren izen-emate handiena. Nabarmentzekoa da, gainera, emakumeen parte-hartzea, izena eman duten pertsonen %25,8 emakumeak baitira, inoiz baino gehiago. Bestalde, seigarrenez gainditu du lasterketak 30.000 izen-emateen muga, eta gero eta gehiago dira Gipuzkoatik kanpotik datozen korrikalariak.
Haile Gebrselassie atleta izango da gonbidatu berezia aurten. Bi urrezko domina ditu etiopiarrak Olinpiar Jokoetan, hainbat ekintzatan hartuko du parte, baina antolakuntzak oraindik ez daki lasterketan parte hartuko duen edo ez.
Aroa Merinok parte hartuko du aurten ere lasterketan, beraz, azken hiru urteetan irabazi, eta iaz errekorra –ordubete, bederatzi minutu eta 41 segundo– ezarri ostean, faboritoen artean dago aurten ere. Gizonezkoetan, aldiz, ez da Jaume Leiva iazko irabazlea egongo, bai, ordea, Iraitz Arrospide eta Ivan Fernandez bigarren eta hirugarren sailkatuak.
Bestalde, antolakuntzak gogoratu du lasterketak bi desbideratze izango dituela Irunen eta hiru Donostian Espainiako Gorteetarako hauteskundeak direla eta. Horregatik, dena ondo ateratzeko herritarren laguntza beharko dutela nabarmendu dute.