Egiako auzotarrek Gordegira irudiak eramateko aukera izango dute azaroan
Gordegia artxibo grafiko bat da, eta Egiako jendeak etxean dituen argazki eta bideo zaharrak horien atzean dauden istorio eta testuinguruekin batera biltzea du helburu. Joan den hilabetean aurkeztu zuten egitasmoa jendaurrean, eta, orain, auzotarren parte hartzea sustatu nahi dute. Artxibo kolektiboa izateko bokazioarekin sortu zuten, eta, horregatik, bizilagunek euren ekarpenak egiteko moduak eratu nahi dituzte.
Azaroan zehar, irudi bilketa egingo dute astean behin, eta auzotarrek etxean dituzten auzoko argazkiak eraman ahalko dituzte, Gordegian biltzeko. Irudien jasotze gunea Egiako Teila Fabrikan jarri dute (Iruresoro pasabidea, 2, 4), eta asteartetan izango da, 17:00etatik 19:00etara. Egitasmoaren aurkezpenean antolatzaileek esandakoaren arabera, irudiak jabeei itzuliko zaizkie digitalizatu ostean, eta webgunearen bitartez dokumentuak bidaltzeko aukera ere zabalduko dute.
Joan den hilabetean herritarren ekimenez sorturiko egitasmo honen inguruko erreportajea argitaratu zuen IRUTXULOKO HITZAk.