Haizeteek eragindako kalteak direla eta, parke batzuk itxita jarraituko dute
Joan den larunbat gauerditik igande goizera bitarte, gogor astindu zuen denboraleak hiria. Martin Ibabek, Herri Segurtasunerako eta Herri Babeserako zinegotziak, azaldutakoaren arabera, Donostiako Udalak 70 esku-hartze egin zituen. Gainera, eragindako kalteen ondorioz, hiriko parke batzuk itxi behar izan zituzten.
Gaur, Donostiako Udalak jakinarazi du parkeek zatika itxita jarraitzen dute. Hots, Egiako parkea itxita dago, eta han, ikuskapena egiten jarraitzen dute. Udalaren aurreikuspenen arabera, bihar amaituko dituzte, eta ikuskapen hori amaitu arte, ez dira beste parkeetan sartuko. Hortaz, Aiete parkeak, Urgullek eta Mirmar parkeak atzo bezala jarraituko dute. Aieten, parkea itxita dago, eta kultur etxera zein zahar etxera sartzeko bideak soilik daude irekita. Urgull itxita dago, Orixera sartzeko izan ezik. Azkenik, Miramar jauregia, Alfonso XIII plazatik itxita dago, eta Loretopetik Mirakontxarako bidea irekita.
Era berean, Pasealeku Berria garbitzen ari direla azaldu dute, izan ere, itsasoak ekarritako zikinkeria nahikoa dago han, batez ere, zuhaixkak eta hondarra. Udalak espero du 16:00tan oinezkoentzat ireki ahal izatea, ez ordea ibilgailuei. Egoera horrela mantenduko da, gutxienez, bihar eguerdia arte. Eguraldiak hobera egiten badu, bihar eguerditik aurrera guztiz irekiko dute, eta, beraz, autoei ere sartzen utziko zaie.