Mundaiz pasealekuko eraikin batek su hartu du
Goizeko hiruretan piztu da sua, 14. zenbakiko eraikinaren atzealdean. Suhiltzaileek arratsaldean lortu dute sutea kontrolatzea.
Suhiltzaileek goiz osoa behar izan dute sua itzaltzeko. Mundaiz pasealekuko 14. zenbakian piztu da sua, atzealdean, goizeko hiruretan. Ikerketa bat abiatu dute, gertatutakoa argitzeko.
Hormigoizko eraikina da, baina barne egitura egurrezkoa zen, eta erori egin da. Zauriturik ez dago, eta dirudienez hutsik zegoen eraikina, baina oraindik ezin izan dute ziurtatu. Ondoko eraikinean etxebizitza batzuk daudenez, han dauden zortzi bizilagun etxetik atera dituzte, segurtasunagatik.
Arratsaldean udalak jakinarazi duenez, kontrolpean dago dena, baina sugeldoren bat geratzen da eraikinaren teilatuan. “Sugeldo txikiak dira, baina itzali behar dituzte berriz ere su ez hartzeko”, azaldu du udalak. Biltegiaren beheko sutea, aldiz, itzalita dago.
Udaltzaingoa eta suhiltzaileak sartu ahal izan dira eraikinera, eta ondorioak aztertzen hasi dira. Bitartean, suhiltzaileen talde batek han jarraitzen du aipaturiko sugeldoak itzaltzen.
Adif da jabea
Eneko Goia alkateak Tokiko Gobernu Batzordearen osteko prentsaurrekoan adierazi du, Adif (Renfe) enpresarena dela su hartu duen eraikina. Hain zuzen ere, inguru horretan dauden hainbat eraikin eraisteko proiektu bat ari da lantzen jabea.
Hona hemen, Donostiako Udalaren irudi bilduma: