Abegi Etxeko zaintzaileen eta mugikortasun agenteen poltsak eratzeko deialdia ireki du udalak
Donostiako Udalak mugikortasun agenteen eta gaueko harrera zerbitzua ematen duen Abegi Etxeko zaintzaileen lan poltsak eratzeko deialdia ireki du gaur. Hilaren 15era bitarte aurkez daitezke parte hartzeko eskaerak, herritarren arretarako Udalinfo bulegoan, udalaren webgunean eta posta arruntaz. Poltsa berriak lehengo lan poltsei atxikiko zaizkie, eta zerrendako pertsonei puntuazio hurrenkeraren arabera deituko zaie, etorkizunean sortu daitezkeen lan premiei erantzuteko.
Hautapen prozesuetan parte hartu ahal izateko, bigarren hizkuntza eskakizuna edo baliokidea egiaztatuta izatea beharrezkoa izango da, baita ariketa teorikoak gainditzea ere. Udalak azaldutakoaren arabera oraindik ez dago azterketen data zehatzik, baina aurreikusita dago Mugikortasun Agenteen probak eta Abegi Etxeko Zaintzaileenak azaroaren azken astean edo 2019ko abenduaren lehenengo astean izango direla.
Mugikortasun Agenteentzako proba ariketa teoriko bat izango da, bi zatiz osatua; bat, hiriko kale izendegiari buruzkoa eta, bestea, oinarrietan zehazten den gai zerrendari buruzkoa. Abegi Etxeko zaintzaileei dagokienez, zerrendako gaiei buruzko ariketa teoriko bakar bat izango da. Bietan, aukera anitzeko galdera sorta bati erantzun beharko diete aurkezten direnek.
Deialdiei buruzko informazio guztia udal webgunean eta iragarki taula ofizialetan argitaratuko dutela jakinarazi dute. Era berean, udalak gogorarazi du, herritarrak webgunearen bitartez udal gaurkotasun-albisteetara harpidetu daitezkeela. Harpidedunek SMS edo posta elektroniko bidez argitaratzen diren berriak jasoko dituzte.