Alfredo Leon diseinatzailearen Elecerouvetres da dFeria jaialdiko kartel irabazlea
Alfredo Leon Nafarroako diseinatzaile grafikoak irabazi du 2020ko dFeria jaialdiko kartel lehiaketa, bere Elecerouvetres kartelarekin. “L” hizkia, zero zenbakia, “V” hizkia eta hiru zenbakia batuz sortu du Leonek kartelaren izena (L0V3). Kolore gorria da nagusi kartelean, eta horrela definitu du autoreak: “Mantxa gorri bat da, elkarri gaina hartzen dioten pasio eta sentimenduena”.
Izan ere, pasioa izango da 2020ko martxoaren 9tik 12ra egingo duten dFeria arte eszenikoen jaialdiaren ardatza. Antolakuntzak azaldu duenez, konnotazio negatiboak ditu “pasio” hitzak bere lehen adieran, baina aldatuz joan da, hitzaren konnotazio positiboak dira nagusi gaur egun. Hori oinarri hartuta, datorren urteko jaialdia nolakoa izango den azaldu dute: “Pasioa bizitzeko modu bat den aldetik izango dugu hizpide, norbanakoak egiten duen orotan ageri den zerbait, buru-belarri, erabat, ahal osoz ekiten dionean. Horretaz egingo dugu gogoeta. Eta gorputzaren eta hitzaren bitartez identifikatzen eta erretratatzen saiatuko gara. dFERIA 2020 pasio hutsa izango da!”
Izen-emateak gora
Inoiz baino antzerki eta dantza konpainia gehiagok eman dute izena 2020ko dFeria jaialdian, 417 konpainiak, hain justu. Iazko jaialditik %22,65 igo da izen-ematea, 340 izan baitziren joan den urtean izena eman zuten konpainiak. Aurtengoen artean, Euskal Herriko 53 konpainia daude, baita mundu osotik datozenak ere, Alemaniatik, Costa Ricatik eta Argentinatik, besteak beste.