Groseko merkataritza babesteko kanpaina bat abiarazi dute
Groseko Merkatari eta Zerbitzuen Elkarteak (dGros) #ArgituGros kanpaina jarri du abian, auzoko merkataritza babesteko asmoz. Donostitik hedabideak argitaratu duenez, Groseko 70 komertzio baino gehiago daude kanpainan. Bestalde, bizilagunen diru gastua hiriko beste zonalde batzuetara joaten delako kezkatuta daudela azaldu du hedabideak, eta herritarrak merkataritza txikian inplikatu nahi dute.
Bonbillak daramatzaten kaxak banatu dituzte kanpainan parte hartuko duten saltokietan, erakusleihoan jarri ditzaten, “Gros zuk argitzen duzu” mezuarekin. Horretaz gain, hilaren 14an bonbillak piztuko dituzte saltoki guztiek, egitasmo bateratu gisa, eta hainbat bideo zabalduko dituzte sare sozialetan.
Groseko Merkatarien Elkargoa desagertu ondoren sortu zen dGros elkartea otsailean, Gipuzkoako Merkataritza Federazioaren barruan. Aipatu hedabidearen arabera, 130 bazkide ditu jada elkarteak.