Espartxo zubi berriaren lau habe handiak jarri dituzte
Txomiñeneko Espartxo zubi berriak oinarrian izango dituen lau habe handiak jarri dituzte. Udalak adierazi du lanen pausorik garrantzitsuena dela. Ondo bidean, urte bukatu aurretik ireki ahal izango da zubia, behin-behinean, ibilgailuentzat.
“Eguraldia txarra izan arren, arazorik gabe jarri dira habeak, eta orain zubiaren taula jarriko da, autoak eta oinezkoak bertatik igaro daitezen”, azaldu du Marisol Garmendia Hiri Proiektuetako zinegotziak.
Zubi berriaren ezaugarrietako bat da alboetako pasabideen bidez bereiziko direla espaloiak galtzadatik. Taula eraikitzeko, zubi zaharra eraitsi beharko da, eta obra horrek astebete iraungo du. Obrak 2,5 milioi euroko aurrekontua du.