Hainbat donostiarrek parte hartu dute ETB1ek estreinatuko duen 'Ihesaldia' telesailean
Abenduan estreinatuko du ETB1ek Ihesaldia izeneko helduentzako euskarazko telesaila, Berria egunkariak jakinarazi duenez. 1976. urtean, Basauriko (Bizkaia) kartzelako preso talde batek bertatik ihes egiten zutenaren itxura egin zuen. Inor ez zen ohartu ziega barruan zeudela, ihes egiteko tunela zulatzen. Horixe da telesailaren abiapuntua.
Jabi Elortegi da zuzendaria eta aktore taldean hainbat donostiar daude. Hala nola, Miren Arrieta, Aitor Beltran eta Arkaitz Gartziandia. Horiekin batera parte hartu dute Iñigo Aranbarrik, Xabi Perurenak, Aitor Borobiak eta Jon Ander Alonsok, besteak beste.
Egiazko historia bat oinarri hartuta, gertakizunaren inguruan sortzen den tentsioa erakusten du telesailak: neguko hotzak harrapatuta, janari eta botikarik gabe ezkutatuta dauden presoen egoera kaxkarra; ihesaldian sartuta dauden ETAko kideak kontrolatu nahi ditu ETAren zuzendaritzak; tartekatuko dituzte baita ere ustez ihes eginda dauden presoen familien jakin-mina, eta kartzelako zuzendariaren azpijokoa ihesaldiak bere lan-ibilbidea kaltetu ez dezan.
Egiazko gertakizunak oinarri hartuta, kontakizun askea sortu dute gidoilariek. Telesailean agertzen diren ekintza eta pertsonaia asko behar dramatikoen eraginez sortu dituzte. Protagonisten izenak ere aldatu egin dituzte.