"Sentitzen dut generoaren polizia gorpuzten dugula batzuetan, eta hori oso deserosoa da"
Hendaiar Egiatartutzat du Miren Artetxe Sarasolak (Hendaia, 1985) bere burua. Bertsolaria da, eta, gaur egun, bertsolaritza ikertzen dabil. Ane Labakarekin batera koordinatu du 'Bertsolaritza feminismotik (bir)pentsatzen' liburua, eta Udako Euskal Unibertsitateak argitaratu berri du. Bertsolaritza eta feminismoaren uztarketaren bitartez, gogoetarako eta eztabaidarako materiala bildu dute.
Liburuari buruz, bertsolaritzaren inguruan, feminismoaz, bere ibilbideari buruz, eta beste hainbat gairi buruz hitz egin dugu Artetxerekin. Elkarrizketa osoa irakurgai egongo da biharko astekarian. Hona hemen aurrerapen bat:
Noiz eta nola hasi zinen bertsolaritzan?
Bertsozalea izan naiz nahiko txikitatik, hau da, ez nituen bertsoak egiten, baina familiarekin hitz jolasak eta horrelakoak egiten genituen, hitzekin eta hizkuntzarekin jolasten genuen. Era berean, teatrera samarra nintzen, eta gurean beti egon da Hitzetik Hortzera telebistan. Gustatu egiten zitzaidan, eta Hendaian bertso eskola hasi zenean, argi ikusi nuen niretzako zela. Garai haietan kotxean gindoazenean, puntuka egiten nuen, errimatu gabe-eta, baina aritzen nintzen.
Hortik aurrera ibilbide klasikoa egin dudala uste dut, bertso eskolan jarraitu, eta 16-17 urterekin hasi nintzen sariketetara aurkezten. Hegoaldean pare bat irabazi nituen, eta izentxo bat eman zidatenez, saioak egiteko deitzen hasi zitzaizkidan. Iparraldekoa nintzen, neska nintzen eta gaztea nintzen, ondorioz, kartelerako pertsona ideala nintzen [barrez]. Garai hartan beste mila gauzatan ere banenbilen, eta blokeo moduko bat izan nuen. Orduan, hogei urterekin, erabaki nuen Bartzelonara joatea, eta han eten handi bat egin nuen bertsolaritzari dagokionez. Gero izugarri kostatu zitzaidan itzultzea.
Eta nola izan zen itzulera?
Ez dakit zehazki esaten, baina duela zazpi bat urte konturatu nintzen etena egin nuenean plaza asko eskaintzen zizkidatela, eta ardura gisa sentitzen nuela hori. Han egoteko ardura bizi nuen, baina, presioa sentitzen nuen ez nuelako egin behar bezain ondo egiten; era berean, ez nuen nahikoa entrenatzen horri buelta emateko, eta etengabe zalantzan jartzen nuen neure burua. Orduan, erabaki nuen itzuliko nintzela hoberena izatean [barrez].
Gainera, Bartzelonan buruak astindu bat eman zidan, hemen ez zeuden eztabaida politiko pila izan nituelako, eta ikusten nuen iritsi nintzela puntu batera, non banekien zer esan nahi nuen, baina konturatzen nintzen ez neuzkala hori esateko bertsolaritza tresnak.
Une horretan esan nion neure buruari: ‘Miren, feministak gara!’. Orduan, hasi nintzen lanketa bat egiten, baina jendearekin, ez bakarrik. Teoria banekien, baina gero gorputza eta haragia jartzen nuen oholtzan, eta betiko alarmak pizten zitzaizkidan. Hori guztia kolektiboan bizitzea izan da niretzat bertsolaritzara itzultzeko ezinbesteko baldintza nagusia eta bakarra. Batarekin eta bestearekin egoteko tarteak bilatzean, konturatu nintzen gure arteko sare bat dagoela, eta horrek indar handia ematen dit.
Liburuan (bir)pentsatu aditza erabili duzue. Dagoena birpentsatzeaz gain, bertsolaritza berri bat asmatu eta pentsatzeko asmoa du atzean?
Ez dut uste horren handinahiak izan garenik. Uste dut hori baino gehiago izan dela erakustea ez dugula pentsatu eta kito, baizik eta etengabe pentsatzen ari garen zerbait dela. Liburua ez dugu mugarri gisa markatu, baizik eta bidean sortu den beste elementu moduan. Feminismotik birpentsatzen aditza erabili dugu, ematen duelako gu hasi garela bertsolaritza feminismotik pentsatzen, baina aspalditik ari da jendea horren inguruan gogoeta egiten.
Bestalde, ikuspuntu horretatik, esan genuen: ‘goazen bertsolaritza pentsatzera’. Liburuan dauden artikuluak idatzi baino lehenago bertsolaritzan idatzitakoa, Carmen Larrañaga eta Jone Miren Hernandezen artikulu batzuk kenduta, orokorrean gizonek eta gizonen perspektibatik idatzitako testuak izan dira. Bertsolaritza definitzeko erabili diren elementuak dira bertsolaritza kanon jakin bati dagozkionak. Adibidez, Joxerra Gartziak, Andoni Egañak eta Jon Sarasuak egin zuten bertsolaritzaren definizio bat 2001 urtearen inguruan, eta orduan ez zegoen ia emakume bertsolaririk oraindik.
Emakume bertsolarien inkorporazioak eta ekarpenek ez diote zerbait berria ekarri bertsolaritzari, baizik eta bertsolaritza ulertzeko modu berriak bistaratu dituzte. Bai guk bertsolaritza ulertzeko modu berriak ekarri ditugulako, baita lehengo moduak ez zuelako dena barne hartzen ere. Bertsolaritzari buruz pentsatzerakoan kontuan hartu beharreko beste elementu batzuk jarri ditugu mahai gainean.