Urkiolan hildako gudari donostiarra
Eusko Gudarosteko Loiola batailoiko intendentzia komandantea zen Jose Cobeño Korta donostiarra. Urkiolan (Bizkaia) erail zuten tropa frankistek, eta Gernika-Lumoko hobi-komun batean sartu zituzten bere gorpuzkiak.
Denda bateko saltzailea zen Jose Cobeño Korta donostiarra, baina 36ko gerra piztu zenean, Euzko Gudarostean sartzeko erabakia hartu zuen. Saltzaile izateagatik eman zioten intendentzia komandantearen kargua, izan ere, batailoiko komandantearen kargu bera da hori, baina tropa militarretaz arduratu ordez, baliabideen kudeaketaz arduratzen da.
Villarrealgo erasoan parte hartu eta Gernikan egun batzuk atseden hartzen eman ondoren, Pagotxiki eta Mendigainera abiatu zen Cobeño gainontzeko gudariekin batera, baina frankistek Bizkaiaren aurka egindako erasoak Urkiolako frontean harrapatu zituen 1937ko apirilaren 1ean, eta bonba-jaurtitzaileek batailoiko hainbat kide hil zituzten, tartean 30 urte zituen Cobeño intendentzia komandantea.
Gernika-Lumoko Zallo hilerriko horma-hilobi batean sartu zuten Cobeño. 1947an, ordea, herriko alkate frankistak bere gorpuzkiak eta beste hainbatenak handik ateratzeko agindua eman zuen, eta hilerriko Gipuzkoarren hobi-komunean sartu zituzten.
Loiola batailoia
Eusko Gudarosteko 18. batailoia zen Loiola batailoia, eta Gernikan sortu zuten 1936an, Loiolako kuarteletako setioan (1936ko uztailean) parte hartu zuten gudariez osatuta, batez ere. Batailoiko Lartaun konpainian zeuden donostiar gehien.
Lino Lazkano izan zen batailoiko burua 1937ko maiatzera arte, Juan de Beiztegik ordeztu baitzuen orduan. Gerrako hainbat frontetan aritu ziren, eta Bilbo erori ondoren, erretiratzea erabaki zuten, 1937ko abuztuaren 23an. Hiru egun beranduago, abuztuaren 26an, faxista italiarretara entregatu ziren. Orotara, 800 gudari inguru izan zituen Loiola batailoiak, eta 52 inguru erori ziren gerran.