"Aurten segurtasuna bermatzeko ahalegina handiagoa izango da"
Laguntzeko xedearekin zerbitzu ezberdinetako hamarnaka boluntario mobilizatuko dira etziko lasterketan; soilik DYA Gipuzkoak, 115 lagun koordinatuko ditu.
Behobia-Donostiaren tankerako ekitaldi batek zerbitzu ezberdinen arteko koordinazio sare planifikatua behar du. Irune Pinatxo (Donostia, 1992) Hondarribiko DYA larrialdi zerbitzuko arduraduna da, eta seigarren aldiz hartuko du parte boluntario gisa Behobia-Donostian. Prestaketa lanetan egindako esfortzuak merezi duela uste du: «Goizean jendea pixkanaka etortzen hasten da, gero musika pizten dute, den-denak animatzen dira eta azkenean, oso giro polita sortzen da». Horrez gain, DYAk beti boluntarioak behar dituela gogorarazi du.
Nola antolatzen zarete tankera honetako ekitaldi baterako?
Bidasoko DYAren barruan gaude, eta aldi berean Gipuzkoakoan. Hala, Hondarribikoak 06:00etan gelditzen gara Behobiara joateko eta han dena prestatzen hasten gara: karpak, esku-oheak, material sanitarioa…
Zenbat boluntario egongo zarete gutxi gorabehera?
Behobiako irteeratik Gaintxurizketa gainarainoko bidea DYAk hartzen du. DYA Gipuzkoako 115 lagun egoten gara; horietatik 20 bat DYA Bidasoakoak izan ohi gara. Behobiako karpan, hau da irteeran, anbulantzia bat jartzen dugu, 4X4 gisako auto bat, eta beste anbulantzia bat Osinbiribilen. Hain da handia ekitaldia beste lurralde batzuetatik ere etortzen direla laguntza ematera, Bizkaitik eta Nafarrotatik Euskal Herritik, baina baita Marbellatik (Malaga, Espainia) ere. Handik etortzen dira astebururako, lasterketa iraun bitartean zerbitzua eman eta berriz ere alde egiten dute.
Aurten Espainiako hauteskundeekin bat egiten du; eraginik izan al du segurtasunean?
Bai. Behobia Gaztea kendu dute eta handia ere hortxe-hortxe ibili da. Aurten segurtasuna bermatzeko ahalegina handiagoa izango da. Gainera, 100. urteurrenarekin bat egiten du lasterketak, beraz, ez zuten inolaz ere bertan behera utzi nahi.
Babes Zibilarekin eta Gurutze Gorriarekin batera ere lan egiten duzue?
Guk gure aldetik jartzen duguna da: ekipo berezi bat Donostian irrati guztiak koordinatzeko; ibilbide osoan zehar jendea artatzeko behin-behineko bost ospitale; 17 anbulantzia, horietako hiru 4×4 motakoak; arreta emateko hamar motor; eta logistikarako motor bat postu batetik bestera materiala eraman ahal izateko. Azken hauek ez dira DYAren auto esklusiboak, denei laguntza emateko daude. Denak esku bat botatzeko gaude azken finean.
Hori guztiaz gain, arreta behar duen pertsona bakoitza bere dortsalaren zenbakiarekin identifikatuta dago sisteman. Datuak sartzen ditugun heinean, datu horiek gainontzeko karpetan eta sistemetan agertzen dira. Era horretan nik norbait artatzen badut irteeran, eta okerdura batengatik hesgailua jartzen badiot, helmugara iristean bertan daudenek hori jakingo dute.
Koordinazioa ondo prestatuta dago, beraz.
Bai, ez dago kontrol hutsunerik. Pentsa, denak batera walkie-tik hitz egiten ariko bagina, eromena izango litzateke. Begira, orain dela urte batzuk gertatu zitzaigun anbulantzia medikalizatua behar genuela irteeran, eta eskatu bezain pronto etorri zen. Anbulantzia medikalizatuak norabide guztietara jotzeko prestatuak daude bidean zehar.
Zein izaten da korrikalariei gertatzen zaien lesiorik ohikoena?
Zonaldearen araberakoa izaten da. Guk irteeran gehien ematen duguna baselina izaten da. Baina horrez gain, oso gauza arraroak eskatzen dizkigute, eta gainera, jendeak kristoren aurpegia izan ohi du, esan beharra dago. Hala, gurean baselina da ohikoena. Gizonen artean, benetan korrikalariak direnak, titiburuak babestekoak erabiltzen dituzte eta bestela baselina ematen dute. Hala ere, behin emakume bat etorri zen guregana kirola egiteko titi-zorroa ahaztu zuela, eta ea bendekin bat egin ahal genion galdetuz. Egia esan, azkar bidali genuen emakume hura gure gunetik. Gainontzeko guneetan Reflex-a izaten da oso ohikoa. Horrez gain, gehiegizko ahaleginarengatik jendea behera etortzen da maiz, bai mentalki baita fisikoki ere.
Zer gomendatuko zenioke korrikalariei?
Prestaketa batez ere. Ondo prestatzea eta tontokeriarik ez egitea. Lesioren bat sufritu baldin badute edo diabetikoak baldin badira, kontuz ibiltzea. Koherenteak eta zentzuzkoak izatea, eta korrika egiteko ondo ez badaude, ez dezatela egin. Behobia-Donostia lasterketa urtero egiten dela kontuan hartzea.
Zuek ondo pasatzen al duzue lasterketan?
Bai, kristoren giroa egoten da. Hain goiz esnatzea da okerrena, baina pixkanaka jendea etortzen hasten da, gero musika pizten dute, den-denak animatzen dira eta azkenean, oso giro polita sortzen da.