Babes ofizialaren zain
Etxegabetzeko arriskuan dago Victoria Noriega donostiarra, Bentaberriko babes ofizialeko etxebizitzetako bizilaguna, lau hilabetez alokairua ezin ordaindu ostean. Gaurko ezarrita zegoen etxegabetzeko agindua atzeratu dute oraingoz, baina behin betiko geldiaraztea eta Noriegaren kasuari eta antzekoei irtenbide bat emateko eskatu du Kaleratzeak Stop plataformak.

Bentaberriko babes ofizialeko etxebizitzetako maizterren babesgabetasuna agerian geratu zen martxoan, etxebizitza babestuak kudeatzen dituen Testa Residencial enpresa familia bat etxegabetzen ahalegindu zenean. Azken unean lortu zuen Kaleratzeak Stop plataformak Txomin, Bea eta haien bi haurren etxegabetzea geldiaraztea, Udalaren eta Gipuzkoako Batzar Nagusien bitartekaritzarekin. Gertatutakoaren ondoren, plataformaren ekimenez Eusko Jaurlaritzari fede oneko zordunak funts-putreen aurrean babesteko protokolo bat ezar zezan eskatzeko mozio bat onartu zuen Donostiako udalbatzak. Rosa Garcia Kaleratzeak Stop plataformako bozeramaileak salatu duenez, oraindik ez dute martxan jarri protokoloa.
Txomin eta Bearen familiaren etxegabetzea geldiarazi zutenetik zazpi hilabete igaro direnean egin da publiko Victoria Noriegaren kasua. Babes ofizialeko etxebizitzak zozkatu zituztenean egokitu zitzaion etxea, 1998an. 22 urtez ordaindu du, hilabetero, alokairua. Orain dela urtebete pasatxo erretiroa hartu zuenetik, ordea, etxearen 780 euroko kuota ordaintzeko zailtasunak izan ditu, eta aurtengo apiriletik uztailera bitarteko epean ezin izan du ordaindu. Ondorioz, bere aurkako etxegabetzeko eskaera egin du Bentaberriko babes ofizialeko etxebizitzak kudeatzen dituen Testa Residencial enpresak. Salatu dutenez, iaztik Blackstone funts-putre estatubatuarra da Testa Residencial-en jabe nagusia.
Noriegak azaldu duenez, badira hiru urte gaur egun bera bakarrik bizi den etxea baino txikiago bat eman diezaioten eskatzen hasi zela, etxea txikiagoa izanik alokairua ere gaur egungoaren erdia bailitzateke. Izan ere, 1998an Benta Berriko etxebizitza babestuan sartu aurretik egin zuen etxebizitza txiki baten eskaera Noriegak, baina orduko gauza bera erantzun diote orain: halakorik ez dagoela hutsik Benta Berrin, eta ez diote bestelako irtenbiderik eskaini.
Uztailean mezu elektroniko bat helarazi zion enpresak, bost egunen buruan zor zituen bi kuotak ordaintzen ez baldin bazituen epaitegian etxegabetzeko demanda jarriko zutela esanez. Mezuari erantzun zion Noriegak, ahal izango zuenean ordaintzeko prestutasuna adieraziz. Ez zuen erantzunik jaso. Donostiako 1. epaitegiko gutuna izan zen jaso zuen hurrengo berria, Testa Residencial enpresak Hiri Errentamenduen Legearen arabera egindako etxegabetzeko demanda jakinarazten ziona. «Shockean» geratu zen Noriega: «aste txarrak izan dira, bakarrik sentitzen zara». Jakinarazpena jaso eta hurrengo egunean ofiziozko abokatu bat eskatu zuen eta Kaleratzeak Stop plataformarekin eta bere gizarte-laguntzailearekin jarri zen harremanetan: «Asko lagundu didate, animatuago nago orain».
Azaroaren 8rako zegoen iragarrita kaleratzea, baina oraingoz atzeratu egin dute. Joan den astean hedabide batek argitaratu zuen etxegabetzea «bertan behera» geratu zela, baina Rosa Garcia Kaleratzeak Stop plataformako bozeramaileak zehaztu duenez, atzeratu baino ez da egin. Izan ere, Noriegak etxegabetzeko aginduari aurre egiteko ofiziozko abokatu bat eskatu zuenean prozedura berez eten zen, abokatua esleitu eta honek kasua aztertu artean. Behin epe horiek igarota, ahozko epaiketa egingo dute. Azaroaren 12rako zegoen ezarrita data, baina atzeratu egin da hori ere.
Kaleratzeak Stop plataformak, ordea, etxebizitzak kudeatzen dituen enpresak etxegabetze eskaria berehala erretira dezala eskatu du. Garciak dioenez, «demanda erabat bidegabea da, Victoria fede oneko zorduna da». Garciak azpimarratu duenez, eskatutako permuta onartuz gero, apartamentua txikiagoa izanik alokairua ere nabarmen baxuagoa izanik, zor dituen hilabeteak ordaintzeko prest dago Noriega, uztailetik aurrera alokairua ordaintzen jarraitu baldin badu ere, orain ez baitauka zorra kitatzeko baliabiderik. Haien eskaerak bideratzeko putre-funtsa negoziatzera eser dadin nahi dute, udalaren bitartekaritzarekin.
Urriaren 30ean agerraldia egin zuen Kaleratzeak Stop plataformak, Alokairu Bentaberriko maizterren elkartearen eta beste hainbat eragile, sindikatu eta alderditako kideren babesarekin, Noriegaren kasua salatzeko. Eusko Jaurlaritzaren Donostiako ordezkaritzan idatzi bat aurkeztu zuten, fede oneko zordunen etxegabetzeak saihesteko protokoloa martxan jartzeko, eta Bentaberriko eta antzeko egoeran dauden babes ofizialeko etxebizitzen gaineko ardurak har ditzaten eskatzeko. Udalera jo zuten gero, Noriegaren kasuan instituzioak Testa Residencial enpresaren abokatuarekin dagokion bitartekari lana egin dezan eskatzeko.
Bizilagunak, elkartuta
1998an Bentaberriko etxebizitza babestuen eskaintza atera zenetik, ugariak izan dira irregulartasun-salaketak. Ondorioz, 1999an eratu zuten bertako maizterrek eta bizilagunek Alokairu elkartea, etxebizitzak kudeatzen zituzten enpresei aurre egin eta Eusko Jaurlaritzari eta Donostiako Udalari erantzukizuna eskatzeko.
Bentaberriko babes ofizialeko etxebizitzetan antzeko egoeran zegoen jende gehiago «joan» egin dela nabarmendu dute Noriegak eta Josetxo Cañada Alokairu elkarteko bozeramaileak. Noriegak zehaztu duenez, ordea, «ez dute salatzen, joan egiten dira». Cañadak salatu du Eusko Jaurlaritzak ez daramala Bentaberriko etxebizitzen gaineko kontrolik: «25-26 etxebizitza huts daude, batzuek urtebete baino gehiago daramate hutsik, eta itxaron zerrendaren eta inskribatuen jarraipenik ez dute egiten». Gainera, mantenuari dagokionez, bizilagunek ez dute norekin hitz egin. «Mezu elektroniko bat bidaltzen duzu, baina ez dute ezer egiten. Behin hemeretzi egun egon ginen igogailurik gabe. Norekin hitz egin dezakegu? Madrilen daude». Arazoa orokorragoa da, ordea: «Nola da posible BOE batzuetan Txomin eta Victoriaren moduko kasuak egotea?». Rosa Garciak salatu duenez, Eusko Jaurlaritzak egiten duen bakarra maizter berrien lehen kontratuetan zigiluak jartzea da, kontratuen luzapenetan, adibidez, ez dute zigilurik jartzen.
Azkenaldian, berriro indartu da Alokairu. Izan ere, Cañadak azaldu duenez, Bentaberrikoek 2028an utziko diote babes ofizialekoak izateari. Ondorioz, alokairuen prezioak nahieran igo ahal izango ditu Testa Residencial enpresak. «Ziurgabetasuna dago, jendea galdezka ari da», gehitu du Cañadak.
Garciak nabarmendu duenez, egoerak berdin jarraitzen baldin badu etxegabetzeak masiboak izango dira 2028an. «Ezin da onartu, eta Eusko Jaurlaritzak eta Donostiako Udalak ezin dute utzi funts-putreek etxebizitza duin baterako eskubidearekin negozioa egin dezaten».