Behobia-Donostia lasterketa omendu dute bere 100. urteurrenean
Fortuna Kirol Elkarteko kideak eta Behobia-Donostiari loturiko hainbat herritar udaletxean elkartu dira lasterketaren 100 urteak ospatu eta bere garapenean garrantzia izan duten lagunak omentzeko.
Donostiako Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak omenaldi berezia egin diote udaletxean Behobia-Donostia lasterketari eta bere antolatzaileei zein bidelagunei, igandean 55. aldiz egingo den kirol probaren mendeurrenaren harira. Eneko Goia alkatea eta Markel Olano ahaldun nagusia han izan dira, beste ordezkari politikoen artean, 100 urte hauetan zehar lasterketa posible egin duten guztiei eskerrak emateko.
Ekitaldiko unerik hunkigarriena Behobia-Donostiari loturiko hainbat pertsonari egin dieten sari banaketa izan da. Besteak beste, Javier Arizmendi 1919ko lasterketan Fortunako lehendakaria zena eta Pancho Gomez 1979an lasterketa berreskuratzea proposatu zuen kidea omendu dituzte, eta baita probarekin lortura berezia duten hainbat korrikalari ere, hala nola, Begoña Zuñiga, lasterketa irabazi zuen lehen emakumea, eta Ander Diez, azken 40 Behobia-Donostiak korritu dituen gizona.
Errekonozimendu pertsonalez gain, udalaren asmoa lasterketa berari omenaldi berezi bat egitea zen, eta horretarako, Bulebarrean ikur bat ipini nahi zuen, probaren helmuga jartzen den lekuan. Goiak azaldu du, ordea, zehaztu ez dituen arrazoiengatik ezin izan dutela garaiz aurkeztu: “Hiri bezala, zor bat daukagu Behobia-Donostiarekin. Ez gara iritsi behar ginen unean, […] baina egingo dugu, eta nire gain hartzen dut konpromiso hori”.
Enrique Cifuentes Fortunako lehendakariak ere hitza hartu du, lasterketaren orain arteko ibilbide luzea errepasatu, eta bidelagun izan dituzten guztiei eskerrak emateko: “Denok jabetu gara Behobia-Donostia eskuen artean dugun altxor bat dela, eta zorte bat dela hura izatea. Izan ere, sor ditzakeen zailtasun guztien gainetik, etekin handia eskaintzen dio lurraldeari, eta ez naiz etekin ekonomikoari buruz ari, hori baino askoz garrantzitsuagoa den etekin bati buruz baizik”.
Sari banaketaren eta hamaiketakoaren aurretik, Bira Produkzioak Behobia-Donostiari buruz egiten ari den dokumentalaren aurrerapen bat ere ikusi dute udalbatzar aretoan zeuden pantailetan. Dokumentala oraindik ez dago amaiturik, igandeko lasterketan irudiak jasotzen jarraituko dutelako, baina datozen asteetan argitaratuko dute.