Bihotza bero, burua hotz
Porrotaren putreak lasterketa osoan hegan egiten du. Bakoitzak bere buruari aurrez jarritako exijentzia neurtu behar da, eta balizko frustrazioa kudeatzen jakin, pentsamendu positiboekin.
Arrakasta eta porrota bereizten dituen marra oso fina izan daiteke. Are gehiago Behobia-Donostia bezalako lasterketa batean. Jon Elkano lasterkari eta prestatzaileak hainbat aholku eman ditu lasterketaren alde psikologikoa kudeatzeko aldera.
Esan duenez, horrelako probetan dena muturrera eraman ohi da: «Zuria ala beltza ikusten dugu dena. Guk pentsatu dugun marka, edo helburua, edo ametsa ateratzen ez bada, porrota dela uste dugu. Beste ikuspuntu bat eman behar diogu lasterketari zein emaitzari».
Txakalaldia datorrenean zer egin beharko litzatekeen azaldu du Elkanok: «Hainbesteko garrantzia eman diogu lasterketari, makalaldi fisikoa datorrenean hogei kilometroak Gaintxurizketako malda igotzen ariko bazina bezalakoak izan daitezkeela». Horregatik, aholkatu du —ahal izanez gero— pentsamenduak positibizatzeko. Berari gertatu izan zaionean, erritmoa jaisten du, eta ideia baikorrak izaten saiatzen da: «Buruak indar handia du, beti jotzen du alde negatibora, eta horrek hondora eraman gaitzake. ‘Txakalaldia’, ‘Ez naiz iritsiko’, ‘Ez daukat indarrik’ eta horrelako pentsamenduak ahaztu behar dira».
Herritar ugari hurbiltzen dira bide bazterrera korrikalariak animatzera. Hori bi ahoko arma izan daitekeela ohartarazi du Elkanok. «Ni Oreretakoa naiz, eta Zumarditik pasatzean, nahi ala ez, erritmoa igotzen duzu, pixka bat harrotu egiten zara. Txakalaldia etortzeko boletoak erosten ari zara». Onartu du etxean lasterka egiteak zailtzen duela burua hotz mantentzea, baina hori dela gakoa.
Beren burua gehien behartzen dutenak lasterketa gutxi egin dituztenak direla nabarmendu du prestatzaileak. Ohituta ez daudenentzat, gogorragoa izan ohi da Behobia-Donostia bezalako lasterketa bat egitea. «Errealistak izan behar dugu. Zentzu horretan, jakin behar dut zertarako nagoen, zein egun egiten duen, eta zein kanpo faktore dauden. Aldagai horiek hartuta, hiruko erregela bat egin behar da, eta emaitzaren arabera egin».
Errespetu handiagoa
Behobia-Donostia lasterketa popularra bilakatu da, eta agian horrek —zentzu batean behintzat— ez dio mesede handirik egin. Izan ere, gehienek ezagutzen dute ingurukoren bat Gipuzkoako bi hiri populatuenak lotzen dituen lasterketa bukatu duena. Elkanoren ustez, errespetua galdu zaio. «Ia maratoi erdi bat da, eta nik egin ditudan maratoi erdiak Behobia-Donostia baino askoz errazagoak dira. Ibilbidea oso gogorra da, gorabeheratsua, eta hankak hausten dituen horietakoa. Prestakuntza bat izan behar da, errazago egiteko.
Beldurra ezin diozu eduki, baina bai errespetua». Bere ustez, indar handiagoa dauka festa puntu horrek esfortzuak baino. Lasterketa egin baino lehenago, errepidea ezagutzea gomendatzen du, eta bakoitzaren egoerari buruzko hausnarketa egitea, errepidera ateratzeko gai diren ala ez ikusteko.
Igandean, lasterketa bukatzerakoan, balantzearen txanda etortzen da. Askok eta askok frustrazioaren bidea hartzen dute, beraiek aurreikusitakoa bete ez delako. Egun zehatz batean lortutako emaitza —ustez— kaskarrari garrantzia kendu nahi dio Elkanok, eta egindakoarekin geratzeko aholkatu du. «Egin duzun lan guztia eta esperientzia guztia hor izango duzu, hurrengo lasterketa baterako, eta balio izango dizu. Alde batera utzi behar da aurreikusitakoa ez betetzea, eta jasotako eskarmentua ikasketa moduan hartu behar da».
Kritika eraikitzaile bat egin behar dela gaineratu du, eta berdin duela Behobia-Donostia lasterketa bost aldiz eginda, lautan gaizki ateratzen bada. «Azkenean», jarraitu du, «horrela ikasten da. Bestela, pertsonak bezala ez gara ez haziko ez heziko. Hasieratik dena ongi egiten baduzu, ez duzu baloratuko». Porrotaren zergatiak lasai aztertzeko gonbita luzatu die lasterkariei.
Aurreikusitakoa ez betetzeko arrazoiak zeintzuk diren hotzean hausnartu behar direla zehaztu du: «Ikusi behar da porrota zergatik etorri den. Ikusi behar da pertsonala den: entrenamenduek edo elikadurak egin dezakete huts. Bestela, kanpo faktore bat izan daiteke, beroa edo haizea, esaterako». Kanpo faktoren kasuan, hurrengo batean zorte handiagoa izan daitekeela nabarmendu du. Faktore pertsonalei dagokienez, hortik ikasi behar da, berriro ez errepikatzeko. Denborak dena sendatzen duela esan du, eta urteen poderioz baloratzen dela oro. «Momentuan ez zara kontziente egiten dituzun markekin, hainbeste sakrifizio baitago atzean…».
Igandean ezin bada atera, gogorarazi du badaudela beste lasterketa askoz gehiago, gogorragoak, leunagoak, politagoak, itsusiagoak… Elkanok esan du iaz ezin izan zuela egin, eta aurten bikoitza gozatuko duela.