Ehun urte, hamar mugarri
Behobia-Donostiak ehun urte beteko ditu igandean, Euskal Herriko herri lasterketa nagusia bilakaturik. Mugarri horren aurretik, ordea, lasterketak beste une berezi asko bizi izan ditu.
Bizi dugun mundua oso bestelakoa zen 1919an, Fortuna kirol elkarteko kideek Behobia- Donostia lasterketa lehen aldiz antolatu zuen urtean. Udaberrian, Europan, Lehen Mundu Gerra amaitu berri zegoen, eta Alemania eta Aliatuak Versaillesko Ituna sinatzear ziren. Munduko beste puntan, berriz, Emiliano Zapata, Mexikoko Iraultzako buruzagi eta ikurra, tiroka hil zuten konstituzionalisten enboskada tranpati batean erori ostean.
Gipuzkoan, aldiz, ez zen maila horretako gertakaririk izan, baina egun horietan, pisuzko historia idatzi duen lasterketa berri bat jaio zen lurraldean. Ziurrenik, Behobia-Donostia sortu zutenek ere ez zuten halako etorkizun oparo bat espero, inguruan gutxi baitira horrenbestez iraun duten kirol probak.
Gaur egun, Espainiako Estatuko oinezko lasterketarik zaharrena da Behobia-Donostia, eta ez da exajerazio bat esatea mende bateko ibilbidean ia denetarik izan duela. Izan ere, proba historiko honen garapenean eragin zuzena izan du gizarteak izan duen bilakaerak, gerra zibil bat eta 40 urteko diktadura bat tarteko.
Eta, zailtasunak zailtasun, ekaitza latzenei ere aurre egin ostean, hemen da, 2019an, eta inoiz baino indartsuago. Lasterketaren sorreratik, historiako hamarkada guztiek, baita gogorrenek ere, gutxienez Behobia-Donostia batez gozatzeko aukera izan dute, eta, antza denez, hemendik aurrera etorriko direnek ere eurena izango dute.
Ezohiko lasterketa baten sorrera, 22 lasterkarirekin
Gaur egungo Behobia-Donostia lasterketak eta 1919ko martxoaren 30ean lehen aldiz egin zenak antza gutxi daukate euren artean. Orain 30.000 pertsona baino gehiago biltzen dituen ekitaldi herrikoia elitezko kirolarientzako kirol proba gisa jaio zen, eta duela 100 urteko egun hartan, soilik 22 kirolarik hartu zuten parte lasterketan, izena eman zutenak 36 izan ziren arren.
Normala den bezala, mendean zehar gauza ugari aldatu dira Behobia-Donostiaren antolakuntzan, baina bada denbora horretan moldatu gabe mantendu den elementu bat: ibilbidearen 20 kilometroko distantzia. Lasterketa sortu zen garaian, distantzia horretako lasterketak ez ziren batere ohikoak Euskal Herrian, antolatu ohi ziren oinezko proba gehienak 5 eta 10 kilometro bitartekoak izaten zirelako.
Erronka berri horren atarian, antolatzaileek ibilbidean zehar laguntzaile bat izateko aukera eskaini zieten parte-hartzaileei, hain luzea zirudien lasterketa larritasunik izan gabe amaitu ahal izan zezaten. Eta eskerrak, lasterkari gehienek 20 kilometroko ibilbidea espartinekin egin zutelako. Laguntzaile horietako bakoitzak bizikletaz jarraitu zuen bere kidea, animoak eman eta masajeak eta zainketak egiteko baimenarekin.
Lasterketak egundoko ikusmina piztu zuen herritarren artean, eta horietako askok Behobiatik Donostiarako ibilbidea egin zuten lasterkarien atzetik, motorrez, bizikletaz eta baita zaldiz ere. Argentinako Errepublikaren pasealekuko helmuga, berriz, jendez gainezka zegoen, espaloiak eta Maria Kristina hotelaren eta Viktoria Eugenia antzokiaren terrazak bete zituzten ehunka ikuslerekin.
Bitartean, Behobia-Donostiako lehen lehia abian zen. Modesto Makazaga Fortunako kidea izan zen hasieratik lasterketaren burua hartu zuena, baina bere lehiakideek gertutik jarraitzen zuten, eta Gaintxurizketan. Juan Mugertza elgoibartarrak aurreratu zuen
Bien arteko norgehiagoka, ordea, ez zen amaierara arte erabaki. Errenterian jendetza izugarri batek ikusi zituen ziztu bizian pasatzen, eta bata bestearen atzetik, Groseko Mirakruz kalera heldu ziren. Behin Urumea ibaira iristerako, aldiz, Mugertzak salbaezina zen tartea aterata zion Makazagari, eta han bildutako herritarren txaloen artean, elgoibartarra Behobia-Donostiako lehen irabazlea bilakatu zen, ordubete, hamazazpi minutu eta 50 segundoko markarekin.
Sari bereziak
Kirol amateurraren filosofiak diru saririk onartzen ez zuenez, lasterkari azkarrenek hainbat opari jasotzen zituzten antolakuntzaren garaikurrez gain. Sari horiek ibilbidean zehar zeuden dendek eta norbanakoek ematen zizkieten. Adibidez, Errenteriara heltzen zen lehenak eskumuturreko erloju bat jasotzen zuen, eta Ategorrietan, berriz, hiru botila xanpain ematen ziren, besteak beste. Urte batzuen buruan, ordea, antolakuntzak sari horiek debekatzea erabaki zuen, lasterkariek garrantzi gehiago ematen baitzioten zenbait puntutan lehena izateari, helmuga gurutzatzeari baino.
Gerra garaian erreleboka egin zuten aurrera
Estreinaldi entzutetsuaren ostean, Behobia-Donostia arrakasta nabarmenarekin antolatu zen urtez urte, 1926ra arte. Hortik aurrera, ordea, eta gaur egun ezagutzen ez diren arrazoiengatik, lasterketak hamar urteko etenaldi bat jasan zuen.
Fortunak 1936an berreskuratu zuen, baina probaren izaera aldatuta. Izan ere, urte horietan, errelebo lasterketek ospe handia hartu zuten lurraldean, eta Behobia-Donostia indarrez berpizteko asmoz, antolakuntzak modalitate horretara egokitu zuen lasterketa.
Probaren funtzionamendua hurrengoa zen: parte hartuko zuen talde bakoitzak lau lasterkari izan behar zituen, eta bakoitzari bost kilometroko ibilbidea egitea zegokion. Lehen erreleboa Gaintxurizketa baino kilometro bat lehenago egingo zen, bigarrena, berriz, Errenterian, Larzabaletik gertu, eta hirugarrena, azkenik, Buenavistan.
Guztira sei taldek eman zuten izena lasterketan, eta garailea Zarauzko Euzko Gaztedi Kiroltzalea izan zen, ordubete, zazpi minutu eta 29 segundoko denborarekin. Fortunak ere talde bat aurkeztu zuen, baina bere maila ez zen gainerakoena, eta azken postuan heldu zen helmugara, irabazlearengandik hamar minutura.
Hala ere, antolatzaileei ez zitzaien pozik egoteko arrazoirik falta, horrenbeste urteko etenaldi baten ostean, Behobia-Donostiak berriro ere herritarren zirrara pizteko gaitasuna zuelako. Gauzak horrela, probaren biharamunean, egunkariak hurrengo urteko lasterketari buruz hitz egiten hasi ziren, 1936ko gerraren eztandak asmo hura erabat zapuztuko zuela jakin gabe.
Ezegonkortasuna nagusi
Gerraren ondorioz, hurrengo lau urteetan ez zen Behobia-Donostiarik egin. Proba 1941eko apirilean egin zen berriro, hamargarrenez, baina frankismo garaia ez zen batere egonkorra izan lasterketarentzat, eta aldizka antolatuta biziraun behar izan zuen.
Hain zuzen, lau hamarkadatan zehar, soilik bost aldiz egin zuten. Errelebo formatuarekin jarraituz, 1941eko eta 1942ko probak Realaren taldeak irabazi zituen. 1949an egin zen lasterketa, berriz, Frantziako Club Athletique Municipal de Bordeaux taldeak irabazi zuen, ordurako estatutik kanpoko klubak ere parte hartzen hasiak zirelako, eta 1951n, aldiz, AS Montferrandaiseko (Frantzia) lasterkariek irabazi zuten. Epe horretako azken Behobia-Donostia 1963an antolatu zen, Jaizkibel kirol elkarte militarrak probaren errelebo modalitatean eginiko errekorrarekin: ordubete, minutu bat eta 26 segundo.
Behin betiko itzulera, emakumeekin batera
Behobia-Donostia 1979an bueltatu zen, eta geroztik, lurraldeko lasterketa ezagunenak ez du bestelako etenik jasan, ezta egundoko ekaitzak izan direnean ere. Hala ere, horregatik baino, urte hura beste arrazoi batengatik nabarmendu beharra dago. Izan ere, emakumeek orduan hartu zuten lehen aldiz parte lasterketan. Fortunako antolakuntzak azaldu duenez, haien partaidetza ordura arte ez zen esplizituki debekatuta egon, baina garbi dago aurretik eginiko proba guztiak soilik gizonentzako antolatu zirela, eta emakumeek ez zutela bertan parte hartzeko aukerarik izan.
Urte horretan, ordea, 20 emakume inguru lehiatu ziren lasterketak bildutako 1.000 korrikalarien artean. Haietako azkarrena Begoña Zuñiga abartzuzarra izan zen, ordubete, 21 minutu eta segundo bateko denborarekin, eta Behobia-Donostiako garaileen zerrendan sartu zen lehen emakumea bilakatu zen. Gizonen artean, berriz, Joxe Migel Irazu asteasuarra izan zen urte hartako bizkorrena, ordubete, hiru minutu eta 55 segundoko markarekin.
Bi kide zaharren egitasmoa
Lasterketaren itzulera Fortuna elkarteko bi kide historikori esker eman zen bereziki. 1979 urtearen hasieran, oso gaztea eta mendizalea zen zuzendaritzak ez zuen Behobia-Donostia izeneko probarik gogoratzen, baina Pancho Gomez eta Remigio Telleriak presente zuten oraindik.
Donostiako maratoiak aurreko urtean 2.600 korrikalari bildu zituela ikusita, elkarteko bi kide zaharrek ondorioztatu zuten une hori aproposa izan zitekeeela Fortunaren aspaldiko lasterketa berreskuratzeko. Horregatik, zuzendariak bilera baterako deitu eta euren proposamena azaldu zieten. Kide gazteenek ez zuten 60 urtean soilik hamalau aldiz egin zen lasterketa hura ezagutzen, baina «lan handia suposatzen ez duen bitartean», proba urtero antolatzea adostu zuten.
40 urte beranduago, etorriko zenaren susmorik izan gabe harturiko erabaki hura Fortuna elkartearen historiaren mugarri bilakatu da.
Parte-hartzea helburu
Gaur arte geratzeko bueltatu zenetik, lasterketak izaera parte-hartzailea izan dezala bilatu du antolakuntzak. Hori dela eta, emakumeen parte-hartzea onartu eta lau urtera, arauz kanpoko funtzionaltasuna duten atletak ere proban lehiatzeko aukera izan zuten. Geroztik, haien parte-hartzeak hazkunde nabarmena izan du, eta orain zazpi kategoriatan lehiatzen dira.
Maria Luisa Irizar, Behobia-Donostiako ‘erregina’
1980ean, Maria Luisa Irizar andoaindarrak bere lehen Behobia-Donostia irabazi zuen, garaipenez beteriko ibilbide bati hasiera emanez. Urteen buruan, hedabideek probako ‘erregina’ izendatu zuten, bere zazpi garaipenek lasterketa gehienetan irabazi duen pertsona bilakatu zutelako.
Lehenengo Behobia-Donostia soilik 16 urte zituela irabazi zuen. Ondoren, 1983tik 1985era bitarteko hiru lasterketak irabazi zituen, eta baita 1993tik 1995era bitarte egin ziren beste hiruak ere. Bere lehen garaipenetik 15 urtera, probako lasterkari azkarrena izan zen berriro ere.
Behobia-Donostian lorturiko balentriaren ondorioz, Irizarren izenak pisu handia hartu zuen euskal atletismoaren munduan, eta andoaindarrak beste marka asko lortu zituen 1990eko hamarkada amaieran erretiratu zen arte. Besteak beste, bost aldiz irabazi zuen Espainiako maratoi txapelketa, eta 1991n lortu zuen errekorra (bi ordu, 36 minutu eta 26 segundo) emakume euskaldun batek maratoi batean lorturiko marka onena izaten jarraitzen du gaur ere.
Bi hamarkada iraun zituen ibilbidean zehar 150 garaikur baino gehiago lortu zituen Irizarrek. Hala ere, goi-mailako kirolaria zen arren, andoaindarrak ez zion sekula bere baserriko lanetan parte-hartzeari utzi, eta zeregin horrekin jarraitu zuen behin erretiro profesionala hartuta ere.
Irizarren eta bere zazpi ‘txapelen’ atzetik, Begoña Zuñiga eta Rocio Rios dira Behobia-Donostia gehienetan irabazi duten emakumeak, bakoitzak hiru garaipen lortuta.
Ordubeteko langa gainditu zuen lehia
1995eko lasterketak Behobia-Donostiaren historiara pasa den lehia estu bat eskaini zien ikusleei. Alberto Juzdado madrildarra eta Diego Garcia azkoitiarra izan ziren proba hartako protagonistak. Lehenak oraindik ez zuen garaipenik lortu lasterketan, eta bigarrena, aldiz, 1992ko eta 1994ko Behobia-Donostiak irabaztetik zetorren. Urte hartako norgehiagoka, ordea, Juzdadoren alde erabaki zen. Ibilbide osoa bata bestearengandik oso gertu egin zuten arren, helmuga aurkariarekiko lau segundoko tartearekin gurutzatu zuen madrildarrak, eta bera izan zen urte hartako garailea. Bi lasterkariek, ordea, harro egoteko arrazoi bera zuten probaren amaieran, Behobia-Donostiako ordubeteko langa elkarrekin apurtu zutelako.
Lasterketako ‘erregeak’
Garaipen horren ostean, Alberto Juzdadok beste lau Behobia-Donostia irabazi zituen (1996, 1999, 2003 eta 2004), Alfonso Alvarezek 1981etik 1987 bitarte lortutako marka berdinduz. Geroztik, biek lasterketako errege titulua partekatzen dute, bost garaipenekin.
Horrez gain, Juzdadok Behobia-Donostian erregistratutako marka onenaren errekorra dauka, 1999ko ibilbidea 59 minutu eta 23 segundotan egin zuenetik. Philip Rugut (0:59:27) eta Benjamin Rotich (0:59:40) denbora horretatik gertu egon ziren 2001ean eta 2002an hurrenez hurren, baina markak gainditua izan gabe jarraitu du orain arte.
Hala ere, nabarmendu beharra dago lasterketaren ibilbideak hainbat moldaketa jasan dituela urteetan zehar, eta horrek eragin zuzena izan duela lasterkarien denboretan.
Txiparen erreboluzioak lasterketa aldatu zuen
Behobia-Donostiak etengabe hazten jarraitu zuen, eta 1996an 10.000 lasterkarien zifra gainditu zuen lehen aldiz. Parte-hartzaile kopuru horrek, ordea, egundoko buruhausteak eragiten zizkien urtero lasterketaren antolatzaileei, irteeran zein helmugan arazo ugari sortzen zirelako.
Batetik, korrikalariak modu deserosoan metatu ohi ziren irteeran, irteteko pistola-tiroak denei kronometroa martxan une berean jartzen zielako. Eta bestetik, ibilbide amaieran parte-hartzaile guztien denborak eskuz hartzeak helmuga kolapsatu ohi zuen.
Arazo horiek 2002an desagertu ziren, ordea, txip elektronikoaren agerpenarekin. Aurreko bi urteetan eginiko saiakerek huts egin zuten arren, urte hartan sistemak ongi funtzionatu zuen, eta lehen aldiz, 10.000 lasterkarien markak ia akatsik gabe erregistratu ahal izan zituen antolakuntzak.
Txikiek ere korrika egin nahi zuten
Herri lasterketa herritar guztiena izan zedin, Behobia-Donostiako antolatzaileek Behobia Txikia sortu zuten 2007an. Urte horretan, 300 umek kilometro bateko ibilbidea egin zuten.
Urte batzuk lehenago, Fortunako zuzendaritzak Goteborgeko (Suedia) maratoi erdia bisitatu zuen, hainbat arlotan eredugarria den probatik ideiak jasotzeko asmoz. Goteborgekoa bere modalitateko Europako lasterketa jendetsuena da, eta 60.000 pertsona inguru biltzen ditu urtero. Handik, gerora hemen errepikatu diren hainbat neurri ezagutu zituzten Behobia-Donostiako antolatzaileek, haurrentzako lasterketa bat egitearena tarteko.
Egitasmo berriaren helburu nagusiak kirol probaren inguruan “belaunaldien arteko komunitate bat eratzea” eta haurrei txikitatik “korrika egiteko afizioa kutsatzea” ziren. Lehen aldiz egin zenetik, Behobia Txikiaren parte hartzeak ere gora egin du etengabe, eta iaz 3.000 lasterkari gazte baino gehiago izan zituen.
Haurren lasterketa helduenaren bezperan egiten da, eta 0 eta 13 urte arteko korrikalariak izaten ditu. Adin horretatik gorako adingabekoentzat, aldiz, Fortunak Behobia Gaztea sortu zuen 2014an, baina lasterketa hori aurten bertan behera utzi behar izan dute, asteburuan hauteskunde orokorrekin bat egiteak eragin dizkien zailtasunengatik. Horren gazte ez direnentzat, berriz, antolakuntzak Behobiako Beteranoak egitasmoa sortu zuen 2017an, lasterkarien iraunkortasuna saritzeko asmoz. Horren bidez, 25 parte-hartze betetzen dituzten herritarrei dortsala oparitu egiten zaie orain.
Trihas Gebrek marka guztiak apurtu zituen, baita berandu aterata ere
2010ean, Etiopia Utopia fundazio donostiarraren eta Behobia-Donostiaren elkarlanari esker, herrialde afrikarreko lau lasterkarik lasterketan parte hartu zuten lehen aldiz. Horien artean zegoen Trihas Gebre, 24 urteko atleta gaztea.
Etorritakoak ez ziren korrikalari profesionalak, baina profesionalen modura korrika egiteko gai zirenez, irteeran lehen lasterkariekin batera jarri zituen antolakuntzak, proba irabazteko aukerak zituztela susmatuta.
Zoritxarrez, lasterketa hasi baino minutu batzuk lehenago, hura korritzeko behar zituzten oinetakoak eta horiei loturik zituzten txipak ahaztu egin zituztela ikusi zuten, eta horien bila joan behar izan ziren. Gauzak horrela, lasterka egiteko prest zirenerako, mundu guztia abian zegoen jada, eta beste guztien atzetik, milaka pertsona aurreratuz egin behar izan zuten ibilbidea.
Normalean, lasterkari azkarrenak irteeratik abiatzen diren lehenak izaten dira, aurretik motelago doan jendea izateak korrika egitea oztopatzen dielako. Gebrek, ordea, oztopo andana hori gainditu eta Behobia-Donostian emakume batek eginiko markarik onena erregistratu zuen, ordubete, zortzi minutu eta 34 segundorekin.
Horrek ez zion, ordea, lasterketa irabazteko balio izan, probaren arauen arabera, garailea beti helmuga gurutzatzen duen lehen pertsona delako. Urte hartan, Maria Lopez de Tejadak eskuratu zuen garaikurra, ordubete, hamabost minutu eta hamar segundoko denborarekin.
Hurrengo urtean, ordea, Gebre Gipuzkoara bueltatu zen, eta oinetakoak ahaztu gabe, lasterketa behar zuen unean hasi eta orain arte mantendu den errekorra ezarri zuen, ordubete, zortzi minutu eta zazpi segundoko markarekin.
Urrezko Danborra: saria beraiek jaso zutenekoa
2012ko San Sebastian eguna betiko gordeta dago Fortuna elkarteko kideen memorian . Hilabete bat lehenago, Donostiako Udaleko udalbatzak aho batez onartu zuen elkarteari Urrezko Danborra emateko erabakia, horrenbeste urteetan zehar Behobia-Donostia lasterketaren antolakuntzan hartutako lana eskertzeko asmoz.
Enrique Cifuentesek, Fortunako lehendakariak, Juan Karlos Izagirre Donostiako alkate ohiaren eskutik jaso zuen hiriko sari nagusia, kirol elkartea Urrezko Danborra eta Hiritar Merezimenduaren Domina jasotzen zituen lehen erakundea bilakatuz. Udalbatzar aretoan eginiko ekitaldian, Cifuentesek adierazi zuen egun hura “Fortunaren historiako egunik handiena” zela.
50. Behobia-Donostia, inoiz baino indartsuago
2014an, Behobia-Donostiaren 95. urteurrenarekin bat eginez, Fortuna elkarteak 50. aldiz antolatu zuen bere lasterketa enblematikoa. Ordurako, kirol probak antza gutxi zuen duela mende bat antolaturikoarekin. Izan ere, urte horretan, 30.000 baino gehiago izan ziren Behobiatik Donostiarako ibilbidea egin zuten korrikalariak, lasterketa Euskal Herriko herri proba ezagun eta jendetsuena bilakatuta.
Hurrengo urtean, berriz, parte-hartze errekorra lortu zen Behobia-Donostian —33.840 lasterkari—, eta inoiz baino emakume gehiago ere aritu ziren: 7.703 (%18,51). Geroztik, zifra horiek ez dira berriro errepikatu, baina parte hartzen duten emakumeen ehunekoak hazten jarraitu du urtez urte. Gauzak horrela, igande honetako lasterketan korrikalarien %25,8 emakumeak izango dira.
2018an hartutako 50/50/25 konpromisoari eutsiz, ordea, 2025erako lasterketako emakumeen kopurua %50ekoa izatea bilatuko du antolakuntzak.