"Kohesionatuago lan egitea da helburua"
Donostiako euskararen aldeko mugimendua saretzeko eta erronka bateratuak sortzeko beharra ikusi du Bagera Euskaltzaleen Elkarteak. Horregatik, Donostiako Euskaltzaleen Topaketak (DET) antolatu dituzte San Telmo Museoan, azaroaren 16an, eta hilaren 14ra arte eman daiteke izena.

Zer dira Donostiako Euskaltzaleen Topaketak?
Asier Basurto (A.B.): Donostiako euskaltzale guztiak elkar ezagutzeko, elkarrekin pentsatzeko eta aurrera begira erronka bateratu batzuk elkarrekin identifikatzeko topaketak dira.
Zein da topaketak antolatzeko arrazoia?
A.B.: Azken hamar urteetan ezaugarri zehatz batzuk hartu ditu Donostiako euskararen aldeko mugimenduak, eta indartsu dagoela ikusten dugu. Izan ere, auzoetan euskara batzorde dezente daude aktiboan eta oso lan ona egiten. Gainera, Euskaraldi indartsu bat egin genuen lehengo urtean, herritar euskaltzaleak daude hiriko hainbat eragile eta erakundetan eta, orokorrean, hiriko iritzi publikoan euskararen aldeko adostasuna dago. Hala ere, behar batzuk daudela ikusten dugu. Behar horiek dira hiriko euskaltzaleen ikuspegia bateratzea, eta elkarrekin bilatzea edo identifikatzea zer egin daitekeen. Kohesionatuago lan egitea da helburua azken finean. Mugimendu sozial guztiak horrela indartzen dira: zabalduz eta trinkotuz, giharrak bezala.
Maddi Juanikorena (M.J.): Orain arte, euskalgintzan mugarrien arabera funtzionatu dugu, hau da, erronka konkretu bat dago eta horri erantzuten diogu. Euskaraldiarekin horrela egin genuen, eta aukera berriak ireki zizkigun. Baina uste dugu pixka bat gelditzeko eta patxada hartzeko garaia dela, begirada luzera begira jartzeko, eta bide-orria zein den pentsatzeko. Horrela, ekimenen bidez horrenbeste ez funtzionatzeko, baizik eta begirada estrategiko baten bitartez.
A.B.: Begirada estrategiko horren azken helburua litzateke euskaltzaleok hirian daukagun eragiteko gaitasuna saretze horren bitartez handitzea, hiriko eztabaidatan eta erabakietan eragina izatea, eta ikuspegi propioa lantzeko eta erabakiak modu autonomoan hartzeko gaitasuna lortzea.
Zein izango da topaketetako egitaraua?
M.J.: Helburua da udatik hona egin dugun prozesuan jaso dugun diagnostikoa partekatzea. Askotariko herritarrek parte hartu duten hainbat saio egin ditugu, eta horiekin batera diagnostiko bat osatzen hasi gara. Topaketetan horri egingo diogu ekarpena. Ondoren, dinamika parte-hartzaile baten bitartez, erronken inguruko hausnarketa bideratzeko ariketak egingo ditugu. Horrekin nahiko genukeena da ondorio komun batzuetara iristea, eta nolabait markatuta gelditzea. Hau da, prozesuarekin uda ondoren hasi ginen, eta ez da topaketekin bukatzen, aurrera begirako bide-orri bat markatuko baitugu.
Zeri buruzkoa da diagnostiko hori?
M.J.: Diagnostiko hori ez da euskararen egoeraren ingurukoa, euskararen aldeko mugimenduaren ingurukoa baizik. Topaketa hauek ez diete erantzuten euskararen normalizazioaren erronkei, baizik eta euskararen aldeko mugimenduaren erronkei.
Zein da Bagera elkarteak topaketetan duen funtzioa?
M.J.: Bagerak hartu du topaketa hauek bideratzeko eta dinamizatzeko ardura, baina topaketak ez dira Bagerarenak. Donostiako euskaltzale guztienak izatea eta guztiok parte hartzea nahi dugu. Erabakiak elkarrekin hartuko ditugu, eta erronkak elkarrekin antolatuko ditugu. Gure funtzioa da topaketak dinamizatzea.
Nola koordinatzen zarete Bageratik auzoetako euskara batzordeekin eta gainontzeko eragileekin lan egiteko?
A.B.: Bagerak harreman natural bat dauka Donostian euskararen alde lan egiten duten eragileekin, eta dinamizazio lana egiten du. Beraz, ez da bereziki harreman berririk sortu alde horretatik, Bagerak rol hori betetzen duelako Donostian.
M.J.: Auzoekin harreman guztiz estua daukagu, eta gainontzekoekin harreman naturala dago. Orain arte lortu ez dena da eragile guzti horiek elkarrekin pentsatzen jartzea, eta hori da topaketen helburua.
Zeintzuk dira Donostiako datuak euskararen egoeraren inguruan?
A.B.: Baikorrak zein ezkorrak izateko datuak daude. Hezkuntzaren euskalduntzeak ekarri du euskararen ezagutza asko handitzea belaunaldi gazteetan, baina orokorrean Euskal Herrian gertatzen ari den moduan, Donostian ere kaleko erabilera jaisten ari da azken neurketetan. Baina, kasu honetan, topaketetara ekartzen gaituena ez da euskararen egoera soziolinguistikoa, baizik eta herritar sare eta mugimendu gisa dauden behar batzuei erantzutea.
Topaketetara jende asko joango dela aurreikusten duzue?
A.B.: Diagnostiko nahiko partekatu eta parte-hartzaile batetik abiatu gara behintzat, beraz, jende asko prozesu honetan parte hartzen ari da jada. Prozesu horren jarraipena dira topaketa hauek, baina ez dira amaiera; momentu goren bat izatea nahi dugu. Donostiako euskaltzale guztiak gonbidatzen ditugu parte hartzera, eragile batean antolatuta egon edo ez. Euskaltzaleen artean auzoetako euskara batzordeetako kideak daude, baina baita beste herri mugimendu batzuetako kideak, irakasleak, ikasleak eta kulturgileak ere, besteak beste. Euskararen aldeko mugimendua oso zabala eta anitza da, eta topaketak horren isla izatea nahiko genuke.
M.J.: Ez daukagu helburu kuantitatiborik, baina bai nahiko genuke askotariko sektoreak ordezkatuta egotea, eta horri ematen diogu lehentasuna. Hori egongo balitz, gu pozik.
Zergatik joan behar dute donostiarrek DET topaketetara?
A.B.: Euskararen aldeko mugimenduan aldaketa asko eman dira eta ematen ari dira, eta uste dugu herritar euskaltzale moduan gai horiekin ardura sentitzen duen orok parte hartu beharko lukeela. Parte hartzeko topaketa guztiz erosoak eta interesgarriak izango dira, eta ez du inork leziorik emango.
M.J.: Ez ditugu euskaran adituak bilatzen, aritzen diren horiekin partekatu nahi ditugu topaketak.