Korrikalari bezainbeste istorio
Izan runner peto-petoa, ala korrikalari hasiberria, Behobia-Donostia agendan letra lodiz idatzita dagoen lasterketa da. Arrazoi ezberdinek bultzatuta, denek izango dute helburu ia berbera: gozatzea zein ahalik eta hoberen bukatzea. Donostia, Bidasoa eta Oarsoaldeko bederatzi korrikalariren ekarpenak jaso ditu HITZAk.
Milaka pertsonak hartzen dute parte urtero Behobia-Donostian. Denek dute helburu berdina, baina istorio ezberdinak dituzte. Zenbait arrazoik bultzatu dituzte lasterketan izena ematera eta helburuak ere, ezberdinak dira. Azken bi hilabeteak entrenatzen eman dituzte, batzuk gogor; beste batzuk ez hain beste.
Hiru galdera egin dizkie HITZAk 9 korrikalariri.
1. Zergatik erabaki duzu 2019ko Behobia-Donostia lasterketan parte hartzea?
2. Zein izango da zure helburu nagusia lasterketan?
3. Nola prestatu duzu zure burua aurtengo Behobia-Donostiarako?
«Erbi moduan parte hartuko dut lehen aldiz»
Edurne Jauregi (Pasaia).
1// Oso gustuko dudan lasterketa da Behobia-Donostia, batez ere, sekulako giroa osatzen delako egun hartan. Aurten gainera, erbi bezala parte hartuko dut.
2// Nire helburu nagusia erbi gisa lasterketa ordubete eta 45 minutuan burutzea da, eta ahalik eta korrikalari gehienei marka hori lortzen laguntzea aldi berean.
3// Beste urte batzuetan baino dezente gehiago prestatu naiz. Hiru aste barru Donostiako maratoian izango naiz, eta entrenamendu luzeagoak egin ditut.
«Behobia-Donostian 30. aldiz korrika egingo dut aurten»
Iñigo Tumas (Hondarribia)
1// Korrikalariontzako Behobia-Donostian parte hartzea tradizio bat da. Egutegian finkatutako egunetako bat da. 30. aldiz korrika egingo dut aurten.
2// Nire markarik onena hobetzea ez behintzat, oso zaila izango litzateke hori, ordubete eta 13 minuturen bueltan ibiltzea lortzen badut, pozik izango naiz egindako lanarekin.
3//Donostia eta Valentziako maratoiak prestatzen ari naiz eta Behobia tartean dago. Nire burua testatzeko aukera izango da igandeko lasterketa.
«Helburu nagusia ongi eta pozik bukatzea izango da»
Ainhoa Landa (Donostia)
1// 15 urtez futbolean jokatu ondoren, korrika egiten hasi nintzen duela bi urte. Dagoeneko nire burua Behobia-Donostian parte hartzeko gai ikusten dut.
2// Maratoi erdia egingo dudan lehen aldia da, beraz, helburua lasterketa ongi bukatzea izango da, sufritu gabe. Dena dela, bi ordutik beherako marka egitea bikain legoke.
3//Abuztuaren hasieratik ari naiz igandeko lasterketa prestatzen. Aldapetan eta bestelako gune zehatzetan entrenamenduak egin ditut.
«Ohi baino gogorrago egin dut lan aurten»
Virginia Lazkano (Errenteria-Orereta)
1// Duela lau urte hasi nintzela korrika egiten. Gustua hartu nion, eta maratoi erdiak egiten hasi nintzen. Behobia-Donostia egin behar den horietako bat da.
2// Prestaketa lasterketa izango da niretzat. Hiru aste barru Donostiako maratoia izango da, eta entrenatzeko balio dit. Hala ere, ordubete eta 40 minututik beherako marka egitea espero dut.
3// Lan asko egin dut. Maratoia dela eta, ohi baino gogorrago entrenatzen ari naiz Behobia-Donostiarako. Indartsu iritsiko naizela espero dut.
«Arraunlaria naiz eta korrika egitea gustuko dut»
Ibon Lasa (Pasaia)
1// Arraunlaria naiz eta korrika egitea gustuko dut. Denboraldia amaitzen denean, sasoian mantentzeko modu ona da Behobia-Donostian parte hartzea.
2// Iaz egindako denbora marka murriztea da nire helburu nagusia. Ordubete eta 24 minututan burutu nuen ibilbidea 2018an, aurten azkarrago bukatzen badut, pozik izango naiz.
3//Ez dut entrenamendu berezirik egin. Egia esan, urte osoan zehar entrenatzen dugu eta fisikoa nahiko landua dugu Behobia iritsi orduko.
«Ohiko denbora hobetzea izango da nire helburua»
Onditz Odriozola (Donostia)
1// Hasieran erronka bat izan zen niretzako, baina gaur egun ohitura bihurtu dela esango nuke. Etxeko lasterketa da eta giro polita osatzen da.
2// Helburu nagusia iazko marka hobetzea izango da, beti denbora berdintsuan egin dut eta. Ordubete eta 37 minututik jaitsi nahi dut, Hala ere, eguraldiak asko baldintzatuko gaitu.
3// Orokorrean mantentze lanetan aritu naiz, urtean zehar korrika egiten dudalako. Astean hirutan korrika egin dut eta aldapak ere prestatu ditut.
«Erretzeari uztean hasi nintzen korrika egiten»
Beatriz de la Fuente (Irun)
1// Duela lau urte erretzeari utzi nionean, korrika egiten hasi nintzen. Gutxika ohitura bihurtu zen korrika egitea, baita Behobia-Donostian parte hartzea ere.
2// Lasterketa pozik bukatzea. Ez dut marka zehatzik aurreikusi. Helmuga indartsu, esprinean eta irribarretsu zeharkatzeko asmoa dut. Gozatzeko eguna da.
3// Astean zehar Errenteriako Atletismo Taldeko (EAT) taldekideekin entrenatzen dut. Asteburuko entrenamenduak luzeagoak dira. 3-4 saio egiten ditut astero.
«Parte hartuko dudan lehen aldia izango da»
Begoña Zamorano (Errenteria-Orereta)
1// Beste hainbat emakumerekin entrenatzen hasi nintzen eta forma hartzen ari nintzela ikusita, Behobia-Donostia egiteko erabakia hartu nuen.
2// Parte hartuko dudan lehen aldia da, beraz, nire burua neurtuko dut. Lasterketa gogor bat egiteko gai naizela frogatu nahi diot nire buruari. Erronka bat izango da.
3// EATeko taldekideekin zein bakarrik entrenatzen dut. Aldapak, erritmo aldaketak, serieak eta indar ariketak landu ditut maratoi erdia prestatzeko.
«Lasterketaz gozatu nahi dut, ez dut beste helbururik»
Amaia Sardon (Hondarribia)
1// Duela urte batzuk lagun batzuk Behobia-Donostian korrika egitera gonbidatu zidaten. Ordutik, hiru urtez jarraian parte hartu dut.
2// Lasterketa gustura egitea eta ahalik eta hoberen bukatzea, ez dut beste helbururik. Gozatu behar da. Ez diet jaramonik egingo markei eta ez dut denbora neurtzeko asmorik.
3// Pare bat hilabete lehenago hasten naiz. Ohiko entrenamenduak egiten ditut orokorrean, baina horietako batzuk luzeagoak izaten dira.