Lasterkarien konplize
Prestaketa egokia, eta burua eta bihotza hotz mantentzeko gaitasuna dira Behobia-Donostian ongi aritzeko gakoak. Ez bakarrak, ordea: zapatila egokiak aukeratzea, osasun kontua da halako lasterketetan.
Eliud Kipchogek keniarra izan da maratoi bat bi ordu baino gutxiagoan egin duen lehenengo pertsona. Marka hori ez da ofiziala izan, ordea, 41 erbi, erritmoa markatu zion ibilgailua eta bestelako ez ohiko baldintza eta laguntzak izan zituelako bide osoan. Historia egitea zuen helburu, eta hori lortu duen zalantzarik ez da.
Nike markako ZoomX Vaporfly Next zapatilak zituen soinean errekorra egiteko unean, bolo-bolo dabil kontu hori lasterkarien artean, eta batek baino gehiagok erosi ditu Behobia-Donostia lasterketan aurreko edizioetan egindako denborak hobetzeko asmoz. Prestaketa ezinbestekoa da, oinarrizkoa halako lasterketa batean aritzeko, burua eta bihotza hotz mantentzea diren bezala, eta jantziak zein aukeratzen diren oinetakoek ere berebiziko garrantzia dute.
Lasterkariek, oro har, oinetako egokiak aukeratzea kontuan hartzen dutela dio Juan Mari Garinek. Hamaika Behobia-Donostia lasterketa ditu soinean, baita hiru garaipen ere: 1980, 1988 eta 1990ean irabazi zuen lasterketa. Donostiako Zurriola pasealekuko Apalategui Kirolak dendako langilea da, 28 urte daramatza han. Denbora horretan aholku ugari eman dizkie bertara zapatilak erostera joan diren kirolariei: «Gaur egun zapatila on asko dago, aukera zabala; gakoa, zenbakiarekin ondo asmatzea da».
Jendea, janzten duenarekin kezkatzen dela dio, «azkenean osasuna da. Korrika egiten duen jendearen arazorik handiena inpaktua izaten da eta garrantzitsua da hori zaintzea». Zapatilak aukeratzerakoan kontuan hartu beharreko hiru kontu: amortiguazioa, egonkortasuna, eta transpirazioa. Hiru oinarri horiek betetzen dituzten eta teknologia punta duten zapatilak dituzte Apalateguin, eta prezio aldetik ere denetarik dagoela dio Garinek, «100 eurotik hasi eta 140 eurora arte zapatila oso onak daude. Norberaren aurrekontuaren araberakoa izaten da hori, batzuek kapritxoa dute eta 180 eurokoak edo Kipchogek munduko errekorra egiteko erabili dituenak erosten dituzte».
Nike berezi horiek 275 euroan daude salgai Apalateguin, eta jende dezente joan dela horien bila esan du Garinek, «teknikoagoak dira horiek eta lasterkariari lagundu egiten diote, apar sintetikoaren barruan karbono zuntz xafla dute. Izugarrizko amortiguazioa dute, baina aldi berean, erreaktiboak dira eta inpultsoan laguntzen diote korrikalariari». Argi dio: soinean jantzita, «sentsazio paregabea» transmititzen dute zapatila horiek.
Egun, aukera ugari
Behobia-Donostia lasterketarako zapatila bat aukeratzeko eskatuta, ez du zalantzarik: «Nike etxeko Pegasus 36 zapatilak aukeratuko nituzke. Denbora asko darama merkatuan, 36 urte bere izenak erakusten duen bezala, eta urte horietan guztietan zehar hobetzen joan dira urtez urte. 120 euroan daude horiek eta bezeroei egiten diegun deskontuarekin 108 euroan eskura ditzakete gurean».
Atzera begira jarri da Garin, berak Behobia-Donostia lasterketa irabazi zuen garaietara itzulita, «ez zegoen orduan halako aukerarik oinetakoetan eta arropan, ez zuen zer ikusirik egungoarekin; 1980ko hamarkadatik hona kristoren aldaketa izan da. Gure garaian zer edo zer bazegoen, baina aukera teknikoak-eta bat ere ez. Gaur egun retroak diren zola gogorreko Adidas batzuekin egin nituen nik lasterketak».
Entrenatzeko gogo handia, «izugarria» eta baldintza kaskarragoak. Gogoan du inoiz ez zutela asfalto gainean korrika egiten entrenamenduetan, «debekatua genuen, beti toki bigunean, belarditan edo mendi bideetan ibiltzen ginen inpaktua ekiditeko». Hori ere aldatu da, egun jendeak nonahi entrenatzen duela dio, «errepidean, asfaltoan… hori gure garaian pentsaezina zen, baina gaur egun zapatilak horretarako pentsatuta daude, materialak horretara moldatu dituzte, eta amortiguazioa egunetik egunera hobetzen ari dira. Gaur egungo zapatilak izan bagenitu gure garaian…». Ziur da lasterketa egiteko inbertitutako denboran eragina dutela zapatilek, «azkarrago egingo genituzke gaur egungo baldintzetan».
Esperientzia handia
Garinek ez du Behobia-Donostia lasterketa egiten egun, baina berak duen esperientzia aintzat hartzen dute Apalategui Kirolak dendara bertaratzen direnek, eta bere lankideek aitortu dutenez, arreta hark egitea nahi izaten dute askok eta askok, «konfiantza da gakoa. Aholkuak eskatzen dizkidate etortzen direnetako batzuk, bizitza osoa lasterketen mundu horretan eman dudalako. Leiala naiz bezeroekin eta gustatzen zait asmatzea nahi dutenarekin eta behar dutenarekin. Bezeroak pozik baldin badaude, ni neu ere pozik nago».
Lasterketarako bi egun baino falta ez direnean aholkuetarako tartea ere hartu du Garinek. Azken egunetan ez dela gehiegikeriarik egin behar dio, «logikoa da, baina batzuetan gehiegi estutzen dugu. Lasterketarako egun gutxi falta denean entrenamendua jaitsi egin behar da, eta atseden hartu lasterketara ondo iristeko».
Hidratazioari ere erreparatu dio, «oso garrantzitsua» dela dio; bakoitzak bere erritmoan korri egitea bezala, «askotan ingurukoen erritmora joaten saiatzen gara, eta fortzatu egiten dugu. Garrantzitsua da bakoitzak bere erritmoa mantentzea, eroso sentiarazten dion hori. Ez du merezi helmugara iristeko zure buruari tratu txarra ematea».
Zapatilekin lotuta egin du azken aholkua: «Nike ZoomX Vaporfly Next zapatilen kasuan izan ezik, beste guztiak lasterketa eguna baino lehen probatu behar dira, haiekin pixka bat ibili eta oinera egokitu, lasterketan ezustekorik egon ez dadin».