Zorioneko kolapsoa
33.379 lasterkarik dute izena emanda etziko Behobia-Donostian parte hartzeko. Bidasoa, Oarsoaldea eta Donostia geldiaraziko ditu, kirolariak eta herritarrak errepidera aterako ditu.
Dena prest dago 55. Behobia-Donostia lasterketarako. 100 urte dira lehena egin zenetik. Fortuna Kirol Elkarteko antolatzaileek dena kontrolpean dute etzi Gipuzkoa ipar-ekialdeko hiru eskualdeak zeharkatuko dituen 20 kilometroko probako partaideei behar bezalako tratua emateko; orain prestakuntzari azken ukituak eman behar dizkiotenak korrikalariak dira. Baina adi: gaurtik etzira ezin da miraririk egin prestakuntzari dagokionez, hortaz, orain arte egin ez dena, ezin konpondu azken unean. Hauturik onena zaintzea, atseden hartzea eta egoki elikatu nahiz hidratatzea izango da.
Etziko 09:45ean hasiko dira kirolariak ateratzen Behobiako irteeratik. Horren segidan beste 20 irteera daude: azkena 11:40an da. Litekeena da azken korrikalariak 14:15ak aldera iristea Donostiako Bulebarreko helmugara. Beraz, esan daiteke Bidasoa, Oarsoaldea eta Donostia kolapsatuta izango direla, bertako errepide sare nagusiak jasoko baititu 33.379 korrikalariak; horiek izena emandakoak dira, baina azken orduko arrazoiengatik beti izaten da irteeran %10-12ko beheraldia partaideetan.
Gauzak horrela, Euskal Herriko kirol proba jendetsuena izaten jarraituko du Behobia, eta Espainiako Estatuan, jendetsuenetakoa. Lasterketan parte hartu dutenek, diote animazio eta publikoaren babes aldetik konpara ezina dela Gipuzkoako bi hiri nagusiak lotzen dituen lehia. Hala izango da aurten ere.
2019ko edizioak baditu bi ezaugarri nabarmen: lehena 100. urteurrena ospatzen duela lasterketak; bigarrena da Espainiako Gorteetarako hauteskundeekin bat egingo duela. Beraz, litekeena da aurretik izena emandakoren batek parte hartzeko aukerarik ez izatea, mahairen batean tokatuko zaiolako egotea. Behobian izena emanda egoteak ez du mahaiaz libratzeko aukerarik ematen.
Osagarriak
Behobia-Donostia ez da lasterketa hutsera mugatzen. Asteburu osoan izango da probarekin harremanik duen ekitaldirik. Hala, gaur eta bihar artean Irungo Ficoba erakustazokan Korrikalarien Feria egingo dute: bertan zerbitzuak eta bestelako asko jasoko dituzte parte hartzaile eta laguntzaileek.
Bihar ere, baina Anoetako estadio txikian, Korrika Txikia egingo dute etorkizun batean handian aritzeko aukera izango duten gazteek. 2.500 gaztetxo espero dituzte bertan Fortuna Kirol Elkarteko antolatzaileek. 15:00etan hasiko dira korrikaldiak, adinaren arabera banatuko direnak. Aurten, Espainiako Gorteetarako hauteskundeengatik, Herrera eta Bulebarra lotzen zituen Behobia Gaztea ez da egingo.
Aurrekoak antolatutako jarduerak dira. Bestela ere, asteburuan, Donostiako eta Irungo kaleek batez ere kolore berezia hartuko dute; txandalak eta koloretako zapatilak izango dira nagusi. Behobian parte hartzen duten ia erdiak Euskal Herritik kanpoko korrikalariak direlako, eta asteburua ingurua ezagutzeko baliatzen dute. Hotelak eta jatetxeak lepo beteta izan ohi dira. Hau da, Behobiak uzten duen inpaktu ekonomikoa oso kontuan hartzekoa da.
Nabarmentzeko beste datu bat: aurten, iazko edizioan baino 1.000 emakume gehiagok parte hartuko dute, korrikalarien laurdena pasatxo orotara.
Haile Gebrselassie
2019ko Behobia-Donostiak jasoko dituen izarren artetik, argi dirdiratsuena izango duena Haile Gebrselassie etiopiarrarena da. Besteren artean, 10.000 metrotan bitan izan da txapeldun Olinpiar Jokoetan, 1996koetan (Atlanta) eta 2000koetan (Sidney). Gaur, 18:30ean hitzaldia emango du Ficoban. Bihar, 11:00etan eta Donostiako Cervantes plazatik abiatuta, harekin entrenamendua egiteko aukera izango dute hala nahi duten guztiek
Hauteskundeek eragina izan dute lasterketetan, eta ibilbidean
Igandean egingo dituzte sei hilabetean bigarrenez Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. Horrek, hiru arazo nagusi ekarri dizkio Behobia-Donostiaren antolakuntzari.
Lehena izan da boluntario gehiago behar dituztela igandean bideetako segurtasuna berma dadin, hauteskundeengatik tokiko poliziak nahiz Ertzaintza bozetan ere lanean izango direlako.
Bigarrenak, erreferentzia bihurtzen hasia den Behobia Gaztearekin du harremana, Herreran hasi eta Bulebarrean bukatzen den 14-18 adin tartekoen probarekin: aurten ez da egingo. Izan ere, lasterketa horren bidean hiru hautesleku daude, eta lasterketa nagusiak eragingo dituen oztopo eta bide mozketez gain, ez zuten nahi Behobia Gazteagatik eragozpen gehiago izatea. Hala, horretan izena emanda zuten 16 urtetik gorako korrikalariei, lasterketa nagusian parte hartzeko aukera eman die antolakuntzak.
Igarobideak
Ibilbidean ere badu eraginak hauteskunde egunak. Orotara bost dira 20 kilometroko bidean, edo inguruan, dauden hauteslekuak, bi Irunen eta hiru Donostian. Horietara bozka ematera joaten direnen eta korrikalarien artean arazorik egon ez dadin tartekako igarobideak edo by-passak prestatu ditu antolakuntzak (Donostiako 10 kilometroko Hiru Hondartzetako lasterketan probatu zituzten).
Zehazki, tartekako desbideraketa horiek honako puntuetan egingo dituzte: Irunen, 1,5 kilometroan, Jenaro Etxeandia plazaren inguruan (udaletxerako bidean); Irunen, 2,4 kilometroan, Elizatxo hiribideko Bidasoa LHIIren ondoan; Donostian, 16,5 kilometroan, Kontadoresko biribilgunearen ondoan; Donostian, 17,8 kilometroan, Ategorrietako biribilgunean; Donostian, 18,5 kilometroan, Nafarroa hiribidearen erdialdean.
Lasterketaren aurretik, Ficoba izango da bigarrenez epizentroa
Aurten bigarrenez, Irungo Ficoba Euskal Kostaldeko Nazioarteko Erakustazokak jasoko du Behobia-Donostiaren Korrikalarien Feria. Gaur eta bihar egongo da zabalik, goiz eta arratsaldez.
Bertan, korrikalariek dortsalak eta elastikoak jasotzeko, eta kontsignan motxilak uzteko aukera izango dute (igandean jaso behar dira Donostiako Gipuzkoako plazako kontsigna gunean, behin proba bukatuta). Horrez gain, Behobiako irteerara joateko EuskoTrenen eta Renferen zerbitzuak erabili ahal izateko txartelen salmenta gunea ere egongo da: prezio murriztua dute tiket horiek.
Baina korrikalarien jarduera errazteko zerbitzuez gain, partaideek eta bisitariek oro har beste hainbat gune izango dituzte eurentzat: kirol arropa postuak egongo dira; running turismoa egiteko bidai agentzien guneak; elikadura gaiak eta kirolarientzat osagarriak izango dituzten standak… Ficobako hiru pabiloiak erabiliko dituzte lasterketaren feriarako.
Zerbitzuez, erakusketariez, eta erosketak egiteko guneez gain, bestelako edukiak ere jasoko ditu Ficobak. Adibidez, korrikalarien munduarekin harremana duten hitzaldiak eta mahai-inguruak izango dira, bihar batez ere. Lasterketa erraldoiaren 100. urteurrenarekin harremana duten sorpresak iragarri dituzte antolatzaileek.
Gaur 12:00etatik 21:00etara izango da zabalik; bihar, berriz, 10:00etatik 20:00etara. Lur azpiko parkina du erakustazokak, eta doan da.
Irunen ere bai
Zirrara Irunen hasten da leloarekin, Behobia-Donostia girotzeko programa prestatu dute Irungo Udalak eta Fortuna KEk. Fortunakoek Ficobara eramango dute giroa, eta udalak, herriko eragileekin elkarlanean, hirira: musika emanaldiak, desfileak, eta pintxo bira berezia egingo dituzte gaur eta bihar Irunen.