Elixabete Perdiguero donostiarrak irabazi du 16. Getxo Moda Diseinatzaile Gazteen Lehiaketa

Getxo Moda egitasmoaren barruan antolatutako 16. Diseinatzaile Gazteen Lehiaketa irabazi du Elixabete Perdiguero diseinatzaile donostiarrak. ELI firmaren sortzailea da 24 urteko artista, eta slow modaren ildoa jarraitzen du. Perdiguerok Galanta beka jasoko du sari gisa, eta epaimahaiaren arabera, “bere sorkuntzek duten lan artisaua, eta horien sorreran jarritako mimo eta arreta” direla eta saritu dute.
Carlota Barrera Vogue Who’s on Next sariaren irabazlea, Javier Barroeta goi-joskintza diseinatzaile bizkaitarra, Agueda Amiano Pelonio Comunicacion agentziako moda arduraduna eta Nora Zubiri tokiko merkataritzaren ordezkariak izan dira aurten epaimahaiko kideak. Antolatzaileen ustez, “nortasun artistiko nabarmena du” Perdiguerok, eta “minimalismoan eta sentsibilitatean” oinarritutako ariketa egin du artistak. “Bolumen, lerro zuzen, soiltasun eta abangoardiaren arteko oreka perfektua” sortu duela gaineratu dute.
“Etorkizun handiko diseinatzailetzat” dute donostiarra, eta, egun, Kutxa Kultur Moda programan murgildurik dabil. Egitasmoaren helburua da diseinatzaile hasi berrien gaitasunen trebatze eta profesionalizaziorako plataforma bat sustatzea, euren firma propioa sortzen laguntzeko. Perdigero ELI-two bilduma berria garatzen ari da orain, eta 2020ko maiatzean aurkeztuko du.