Arantxa Urretabizkaiari emango diote Anton Abbadia saria

Abenduaren 3an, Euskararen Nazioarteko Egunean, jasoko du Arantxa Urretabizkaia idazleak Anton Abbadia saria. “Euskara beti egon izan da bere sorkuntzaren erdigunean eta, besteak beste, Ibon Sarasolarekin eta Ramon Saizarbitoriarekin aritu izan da elkarlanean”, gogorarazi dute; hain zuzen, hori izan da saritua erabakitzeko arrazoietako bat. Eider Mendoza Gipuzkoako Foru Aldundiko bozeramaileak esan duenaren arabera, idazlea “aitzindaria” izan da euskal literaturan emakumeen gaineko imajinarioaren aldaketan.
Euskararen alde egindako lanagatik aitortza gehiago jaso izan ditu Urretabizkaiak, esaterako, “euskararen defentsan eta haren aldeko sustapena nabarmentzeko”, Euskaltzaindiak ohorezko akademiko izendatu zuen. Bere lehen arrakasta 1972an argitaratutako San Pedro bezperaren ondokoak olerki liburua izan zen eta, hamar urte geroago, Kritikaren Sari Nazionala jaso zuen Maitasunaren magalean liburuari esker. Alabaina, gazte eta helduei zuzenduriko literatura ere idatzi izan du eta hainbat sari ere jaso ditu bere ibilbidean zehar. “Estilo ezberdinak jorratu izan ditu; izan ere, poesian, eleberrigintzan eta gidoigintzan aritu izan da urte luzez eta ekarpen oparoa egin dio euskarazko sorkuntzari”, adierazi du erakundeak. Idazlearen lan ezagunenetakoak dira honakoak: Zergatik panpox (1979), Koaderno Gorria (1998), 3 Mariak (2010), eta Bidean ikasia (2016).
Gipuzkoako Foru Aldundiak 1996an sortu zuen Anton Abbadia saria, “euskararen normalizazioaren aldeko lanetan nabarmendutako pertsona edo elkarteen jarduna saritzeko”. Iaz, Ahotsak.eus atariak jaso zuen saria, eta besteak beste, Ibon Sarasola, Moriarti ekoiztetxea, Kike Amonarriz eta Ixa taldea daude sarituen artean.