Euskarazko kultur eta aisialdiko produktuak bildu dituzte Euskaragida-n
Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak Euskaragida.eus euskarazko kultur eta aisialdiko produktuen gida aurkeztu du. Urtero bezala, “bakarka, lagun artean nahiz familian aisialdia euskaraz gozatzeko era guztietako eta adin guztiei zuzendutako” produktuak jasotzen dituzte gidan: aldizkariak, komikiak, DVDak, joko eta jolasak, musika, liburuak, hiztegiak, gurasoentzako nahiz euskara ikasteko material berezitua, web orri interesgarriak, eta abar.
Jon Insausti Euskarako zinegotzi ordezkariak azaldu duenez, produktuak hartzaileen adinaren arabera daude sailkatuta, eta bakoitzaren ezaugarri nagusiak zehazten dira web orrian: izena, egilea, argitaletxea eta gutxi gorabeherako prezioa. Insaustik jakinarazi du, aurten ere ikastetxeetan banatuko dutela gidaren paperezko bertsioa, 9-10 urte arteko haurren artean; guztira, 10.000 ale izango dira. Gabonetan opariak egiteko garaian gida ardatz hartzeko eta euskal produktuen aldeko hautua egiteko deia egin du zinegotziak.