Anoeta estadioaren proiektu ofizialak 57,9 milioi euroko kostua izango du
Anoeta estadioaren birmoldaketaren proiektu ofizialaren kostu osoa jakinarazi zuen atzo Realeko Administrazio Kontseiluak, eta 57,9 eurokoa izango da. Realeko Administrazio Kontseiluak agerraldia egin zuen atzo, abenduaren 10eko Akziodunen Batzarrean jorratuko dituzten gaiak azaltzeko, eta Jokin Aperribay presidenteak eta Nerea Aranburu eta Jesus Ruiz kontseilariek azaldu zutenez, aipatu kostutik hamalau milioi euro erakunde publikoek jarri dituzte. Era berean, Realak proiektu ofizialera egingo dion ekarpena estaltzeko, zortzi milioi euroko baimen berri bat eskatuko dute Akziodunen Batzarrean. Horretaz gain, hainbat hobekuntza egingo ditu klubak estadioan, proiektu ofizialetik kanpo. Izan ere, barruko espazioak hobetuko dituzte, instalazio teknologikoak jarriko dituzte eta irisgarritasuna eta ikusgarritasuna hobetuko dituzte. Hobekuntza horiek hamazazpi milioi euroko kostua izango dute. Aperribayren arabera, “klub sendoa izateko ezaugarri garrantzitsuenetarikoa” da Anoeta estadio berria.
Bestalde, Administrazio Kontseiluak azaldu zuenez, 2018/2019 denboraldiko hamar milioi euroko mozkina aurkeztuko diete akziodunei, eta 112 milioi euroko aurrekontua izango du klubak 2019/2020 denboraldian. Klubak mozkinekin amaitzen duen hamargarren denboraldia da jarraian, eta “ondare egitura fidagarria” dutela azaldu zuten.
Klubaren egoerarekin pozik agertu zen atzo Aperribay: “Bazkide gehiago gara [34.000 inguru], diru-sarrerak handiagoak dira eta kirol arloan anbizioa handia da. Mugarik gabe. Europan jokatzeko merituak egin behar ditugu. Bide onean gabiltza”.