Feministaldiaren hitzaurre bat egingo dute Paul B. Preciado eta Cristina Moralesekin
Iragarri dituzte dagoeneko aurtengo Feministaldiaren datak: abenduaren 8tik 14ra egingo dute kultura feministaren jaialdia. Aurten, gainera aldaketa nabarmena izango da, izan ere, Bidebietako Kontadoresen egingo dituzte jardunaldiak, eta ez Tabakaleran, azken urteetan bezala. XIV. Feministaldiaren leloa Pilulak izango dela jakinarazi dute antolatzaileek, eta “berotzeko”, hitzaurre bat antolatu dute Literaktumekin eta Tabakalerarekin elkarlanean. Bi hitzaldi antolatu dituzte, Paul B. Preciado filosofo eta queer aktibistarekin, eta Cristina Morales idazlearekin.
Azaroaren 23an, Koldo Mitxelena Kulturunean, 19:00etan, Identitatea, araua eta askatasuna lehen solasaldia izango da Morales eta Preciadorekin, Kattalin Minerrek gidatuta. Azaroaren 24an, aurrekoari jarraipena emanez, Patologia, farmako eta desorekak: Mundua berrasmatzen duten gorputz disidenteak solasaldia egingo dute. 18:00etan izango da, Tabakalerako patioan, eta protagonistak aurreko saioko berdinak izango dira.