Gorazarre ekitaldi jendetsu batekin inauguratu du EHUk Txillardegi aretoa
Carlos Santamaria Zentroko liburutegiaren alboko aretoak idazle eta euskaltzale donostiarraren izena darama orain. Unibertsitateak Txillardegiren senideekin batera eginiko ekitaldian, Txillardegi Hausnartu Soziolinguistika Sariak ere banatu dituzte.
Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) Jose Luis Alvarez Enparantza ‘Txillardegi’ irakasle ohia omendu du, Carlos Santamaria Zentroko aretoetako bati bere izena emanez. Espazioa inauguratzeko, euskaltzale donostiarrari gorazarre ekitaldi berezia egin diote aretoan, bere senideak eta unibertsitateko kideak han zeudela.
Aretoaren sarreran Txillardegiren omenez jarritako plaka desestali ostean, Agustin Erkizia EHUko Gipuzkoako Campuseko errektoreordeak hartu du hitza. Txillardegi EHUko irakasle izan zen 1986tik 2005era bitarte, eta 1999an, unibertsitateak katedratiko emeritu izendatu zuen. Gorazarre berri honi dagokionez, Erkiziak azaldu du proposamena campuseko batzarrera iritsi zenean, aho batez onartu zutela aretoaren izendapena.
Jone Forcadak, idazlearen senideen izenean, “bihotzez” eskertu du keinu hori, bide egokitik doala nabarmenduz: “Horrenbeste urtez sinistu ezin zitekeena lortu ahal izan da: Txillardegi Euskal Herriko Unibertsitateak ofizialki omentzea. […] Hau dela eta, orain eta hemen, familiaren izenean eskerrik beroenak eman nahi ditut”. Gainera, Forcadak aipu berezi bat egin die Antonio Casado Da Rocha irakasleari eta Txillardegi Udal Liburutegia Herri Ekimenari, “asmo hau gauzatzen eginiko ahaleginengatik merezi dutelako”.
Fito Rodriguezek, Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia fakultateko irakasleak, aretoaren izendapenak “paradigma aldaketa bat” dakarrela azaldu du: “Txillardegik erakutsi zigun toponimian ere poesia irakur zitekeela, tokian tokiko izenpenetan, eta horrela hartu zuen berak beti ezizen gisa tokian tokiko izen bat edo beste: Txillardegi, Larresoro, Harrizkibieta, Usako… […] Eta ekimen hau, bereziki, eskertzekoa da, zeren gauza bat da, Txillardegik egiten zuen modura, tokitik izenak hartzea, eta beste bat, berriz, momentu honetan gertatzen ari dena: Txillardegik toki fisiko bati izena ematea. Hori paradigma aldaketa bat da, Txillardegik izena hartzeaz gain, izena bueltatzea lortu duelako”.
Nekane Balluerkak, Euskal Herriko Unibertsitatearen errektoreak, bere aldetik, aretoa “kulturarako eta memoriarako gune” bilakatzea espero duela adierazi du, Txillardegi “gure herriko XX. mendeko intelektual handienetako bat” izan zela azpimarratuz.
Txillardegi Hausnartu Sariak
Aretoaren izendapena ez da, baina, Txillardegiren omenezko keinu bakarra izan. Izan ere, Soziolinguistika Klusterrak euskal ikerketa soziolinguistikoak saritzeko asmoz 2008an sortu zituen sariek euskaltzalearen izena izango dute orain. Eta, gauzak horrela, areto homonimoaren inaugurazioa Txillardegi Hausnartu Sariak banatzeko baliatu dute.
Lehenengo saria Miguel Galicia Lambarrik jaso du, euskara sustatzeko planen ebaluazioaren inguruan eginiko azterketa eta hausnarketa lanarengatik. Bigarrena, berriz, Jon Fernandez San Martinentzat izan da, Ondarroako nerabeek sare sozialetan dituzten hizkuntza ohiturei buruz eginiko ikerketagatik. Eta hirugarren saria, azkenik, Xabier Madorran Iglesiak jaso du, teknologia berriek hizkuntza gutxituetan duten eragina aztertzeagatik.
Hitzartzeen eta sari banaketaren ostean, Garazi Goñi piano-jotzaile donostiarrak hiru pieza jo ditu aretoan ipini duten pianoarekin, Txillardegiren zaletasun musikala omenduz, gorazarre ekitaldiari amaiera emateko.
Garazi Goñi piano-jotzailearen emanaldia Carlos Santamaria Zentroko Txillardegi aretoaren inaugurazioan
— Iñaki Agirre (@ikiagirre) November 13, 2019
Aretoa jendez bete da euskaltzale eta irakasle donostiarraren gorazarre ekitaldirako @irutxulo @upvehu pic.twitter.com/xucL7R13Wv