Igandean izango da Gipuzkoako Bertsolari Txapelketaren lehen finalaurrekoa
Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa finalerdietara iritsi da. Lehena igande honetan, hilaren 17an, jokatuko da Arrasateko Uarkape pilotalekuan, 17:00etatik aurrera.
Sei bertsolari ariko dira bertsotan, eta tartean da Unai Gaztelumendi donostiarra. Berarekin batera ariko dira kantuan Eñaut Martikorena, Agin Laburu, Nerea Elustondo, Unai Mendizabal eta Iñaki Apalategi. Aurkezle lanak, berriz, Iker Iriartek egingo ditu. Saioko irabazlea zuzenean sailkatuko da finalera eta gainontzeko bertsolariek puntuazioaren arabera edukiko dute horretarako aukera.
Sarrerak salgai daude www.bertsosarrerak.eus webgunean eta, aurrez agortzen ez badira, txarteldegian ere eskuratu ahal izango dira igandean bertan, 16:00etatik aurrera.
Beñat Gaztelumendi, Oiartzunen
Azaroaren 24ko finalaurreko saioan parte hartuko du Beñat Gaztelumendik. Elorsoro kiroldegian izango da, 17:00etatik aurrera eta bost bertsolari izango ditu alboan: Alaia Martin, Amaia Iturriotz, Ane Labaka, Asier Azpiroz eta Iñigo Mantzisidor.