"Metroaren lanak arbuiatzeko" elkarretaratzera deitu du Satorralaia bizilagunen mugimenduak
Satorralaia bizilagunen mugimenduak elkarretaratzera deitu du azaroaren 23rako. 12:00etan egingo dute protesta, Artzain Onaren plazan, “Donostian Metroa eraikitzeko San Martin kalean hasi dituzten lanak arbuiatzeko”.
Era berean, ohartarazi nahi dute “herritarren parte handi batek zeharo behargabekotzat jotzen duen egitasmoak, hirigunean eragindako kalte larrienak gertatzear daudela”. Mobilizazioaz gain, bilera ireki bat antolatu dute, eta herritarrei parte hartzeko deia egin diete; azaroaren 27an, asteazkenean, izango da Urbieta kaleko Amarako eskoletan, 19:00etan.
Metroaren aurkako mugimenduak hainbat salaketa zehatz plazaratu ditu:
- Donostian metro bat eraikitzea hirian nozitzen ari garen jarduera urbanistiko erasokorren artean nabarmentzen da. Lanek Antiguan, Morlansen, Amaran eta Easo kalean eragindako kalteak biderkatuko dira hiri-erdialdean, baita Kontxa hondartzaren azpiko tunelaren zulaketaren ondorioz San Martin, Easo, Loiola eta San Bartolome kaleetan egin behar dituzten hondeaketa-lanekin, oinezko mugikortasunari eragindako oztopoekin, trafikoaren erabateko nahaspilaketarekin, eta abarrekin ere.
- Metroaren pasantea proiektu xahutzailea izateaz gain –200 milioi eurotik gora– garraio publikoarentzat apustu okerra da, autoen trafikoa apenas gutxitu eta Dbus kaltetuko duelako, batez ere.
- Hirigunea hankaz gora jarriko duen azpiegitura-lan handi honekin, Amarako Topoaren geltoki nagusia etxegintza-operazio bat egiteko ezabatu eta diseinu zentralizatzaile bat ezarri nahi dute Erdialde-Kontxaren inguruan, hain zuzen ere, metroarekin “hiriko bihotz turistikoaren garapen komertzial indartsuei euskarri emateko asmoz” (proiektuaren Azterketa-Informatiboak dioenez). Ikusten denez, Donostia merkantzia turistiko gisa saltzeko sustatzen ari diren hiri-ereduaren parte da metroa, hirigunearen erabateko merkantilizazioa eta espekulazio-prozesu hazkorrak sustatze aldera.
- Hori denagatik, udalak eraikuntza enpresekiko eta lobbie ekonomikoekiko agertzen duen morrontza salatzen dugu, hiriko espazioa nahierara egin eta desegin dezaten uzten duelako. Eta Eusko Jaurlaritzak “Topo gehiago, hiri hobea” hitz politekin darabilen metroaren aldeko propaganda iruzurtia dela-eta galdegiten dugu: hobea, norentzat? Donostian Metroa ez du inork eskatu eta Euskal Gobernuak herritarren parte-hartzerik gabe inposatu du, hirian garraio publikoa eta eskualdean Eusko Trenen sarea hobetzeko dauden beste alternatiba arrazoizkoagoen kaltetan.