Natura eta historia uztartuko dituzte Morlansen asteburuan
Zuhaitzen inguruko ikastaroa egingo dute igandean, 10:30ean, Arbaizenea basoan, eta zuhaitzak landatuko dituzte ondoren, zonaldeko natura zaintzeko. Morlanstarrak auzo elkarteak eta auzoko euskara batzordeak antolatu dute jarduera.
Ana Urrestarazu Morlansko euskara batzordeko kideak azaldu duenez, hainbat jarduera antolatu dituzte azken urteetan Arbaizenean, hala nola, ibilaldiak eta hitzaldiak. Izan ere “baso hori oso garrantzitsua da auzoarentzat eta Donostiarentzat”. Basoan ibilaldiak antolatu izan dituzte, baina Metroaren lanengatik inguruko lurra ez dago oso egoera onean. Horregatik, oraingoan ondoko zelaian landatuko dituzte zuhaitzak. Horrelako jarduerek arrakasta izaten dutela adierazi du Urrestarazuk, beraz, eguraldiak baldintzatuko badie ere, igandean ere jendea animatuko dela uste dute.
Bestalde, Iñaki Egaña historialariak hitzaldi bat emango du hurrengo asteko ostegunean, hilaren 21ean, 19:00etan, auzoaren historian sakonduz. Urrestarazuren arabera, Egañak auzoan hitzaldiak eman izan dituenean arrakasta izan dute, beraz, ostegunean ere jendea joatea espero dute.