Ostiralean zabalduko dute etxegabeentzako Atea Zabalik zerbitzua
Azaroaren 15ean, ostiralean, jarriko du martxan Donostiako Udalak neguko protokoloa, eta, hortaz, Atea Zabalik zerbitzua. Muturreko hotz aurreikuspen egunetan kalean lo egiten duten pertsonei larrialdi-arreta egiteko protokoloa abian jartzen du urtero udalak, eta zerbitzu horrek etxegabeei gaua igarotzeko aterpe bat eskaintzen die. Zerbitzua martxoaren 31n amaituko da.
Aitziber San Romanek, Gizarte Ekintzako zinegotziak, zerbitzuaren garrantzia azpimarratu du: “Honekin, kale-egoeran dauden pertsonek sekulako hotz-kondizioetan jasaten dituzten arriskuak, batzuetan hil edo bizikoak, murriztu nahi ditugu”. Horretarako erabiltzen dituzten baliabideak urte osoan erabiltzen direnak dira, baina, egoera larriko egun horietan egokitu egiten dituzte. Hain zuzen, Abegi Etxeak pertsonen sarrera malgutzen ditu, eta Gaueko Aterpeak, normalean 22 plaza dituenak, 38 arte zabaltzen ditu.
Horretaz gain, Atea Zabalik Zerbitzuak beste guneak egokitzen ditu Abegi Etxearen geletan. San Romanek jakinarazi du prestatutako plaza horiek gutxiegi badira, lokal bat prestatu dutela Easo kalean, plazak bikoizten dituena.
Era berean, azaldu du zerbitzua eskaintzearekin batera protokolo bat partekatzen dela suhiltzaileekin, Udaltzaingoarekin, SOS Deiakekin, Osakidetzako larrialdi zerbitzuekin, eta kalean bizi diren pertsonekin lanean ari diren elkarteekin. Elkarlan horri esker, azaldu dute, iragarritako hotzaldietan kalean topatzen dituzten etxegabeei aterpe zerbitzuaren berri eman ahal izango diete.