'Erraza da' Parte Zaharreko ostalarien artean euskara sustatzeko egitasmoaren bigarren fasea egingo dute
Erraza da egitasmoaren balorazioa egin du gaur goizean Jon Insaustik, Donostiako Udaleko euskara zinegotziak, “oso positiboa” izan dela adierazi du. Horregatik, bigarren fasea egingo dute, abenduaren 9tik aurrera. Apirilean jarri zuten abian Parte Zaharreko ostalarien artean euskara sustatzeko egitasmo pilotuaren lehen fasea, eta hiru hilabete iraun du. Egitasmoaren dinamika honakoa da: Izena ematen duten langileei egunerokoan erabili daitezkeen euskarazko hitz eta esamoldeak dituen hiztegi bat banatzen diete, eta egunean horietako bi ikasteko eta erabiltzeko erronka jartzen diete. Ondoren, hamabost egunean behin galdetegi bat bidaltzen diete, denbora horretan ikasi beharreko hitz edo esamoldeen ingurukoa. Sei galdetegi betetzen dituzte guztira parte-hartzaileek, egitasmoak irauten duen hiru hilabeteetan.
Parte Zaharreko 70 establezimendutako 209 langilek hartu dute parte lehen fase horretan, eta %72aren balorazioa jaso du udaleko Euskara Zerbitzuak, horietatik %53 emakumeak eta %47 gizonak. Gehienei “erraza” iruditu zaie hiztegiak dituen 200 hitz edo esamoldeak ikastea, eta %94ak adierazi du hiztegia “praktikoa” dela. Era berean, egitasmoa baloratu duten pertsonen %63ak esan du orain lehen hitza euskaraz esaten dietela bezeroei, eta %80 bigarren hiztegi bat jasotzeko prest agertu da.
Arrakasta ikusita, lehenengo fasean parte hartu duten eta bigarren fasean ere parte hartu nahi duten ostalarien artean hiztegi berri batzuk banatuko dituzte, hilaren bukaeraren eta abenduaren hasieraren artean. Lehenengo hiztegiak ez zituen hitz eta esamoldeak izango ditu hiztegi horrek, eta abenduaren 9tik aurrera hasiko dira ostalariak esamolde horiek ikasten. Aurreko fasearen era berean funtzionatuko du honek ere; hiru hilabete iraungo du, eta galdetegiak egingo dituzte hamabost egunean behin.