Euskaraldia helburu, erronka berri bati eutsiko diote
Ez da Euskaraldirik izango 2019an, baina, bai, ordea, 2020an. Datorren urteko egitasmora begira jarri dira Intxaurrondon eta Altzan, eta azaroaren 22tik abenduaren 3ra ohiturak aldatu eta euskararen erabilera bultzatzeko ariketa berri bat proposatu dute.
Azaroaren 22tik abenduaren 3ra, 2020ko Euskaraldirako oinarri gisa hartuko duten ariketa soziala egingo dute Intxaurrondon eta Arabako Lautadan; hain zuzen, datorren egitasmorako proba bat prestatu dute bi toki horietan. Altzan ere, ez dute atzean gelditu nahi izan, eta aurreko urteetan hasitako prozesuarekin jarraituko dute.
Nitik harago, 11 baietz Intxaurrondon lelopean, hamabi eguneko egitasmoa prestatu dute Plazara Goaz Intxaurrondoko euskaldunon elkarteak, Bagera elkarteak eta Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak. Bagerako Maddi Juanikorenak azaldu duenaren arabera, frogaldi bat izango da, eta 2020an Euskal Herria osoan egingo duten Euskaraldirako oinarriak finkatzeko bokazioa du. Intxaurrondon badute horrelako proiektuetan eskarmentua, izan ere, 2017an 20 ordu eta 20 eguneko erronka egin zuten, eta 600 auzotarrek hartu zuten parte.
Lehen Euskaraldiaren ildoari jarraituta, dagoeneko ezagunak diren ahobizi eta belarriprest rolak mantenduko dituzte Intxaurrondon, horrela, nahi duten auzotar guztiek parte hartu ahalko dute. Halaber, hainbat berrikuntza ere prestatu dituzte, 2018ko Euskaraldiaren balorazioan oinarrituta. Aurtengo esperientzian, norbanakoek ez ezik, entitateek ere paper berezia izango dutela iragarri dute. «Euskaraldia progresiboa izateko helburuarekin sortu zen, eta, horregatik, iaz norbanakoek izan zuten funtzio nagusia. Aurten, berriz, entitateetara zabaldu nahi dugu», azaldu du Juanikorenak. Datozen urteetan ariketa beste esparru batzuetara zabaltzeko helburua dutela gaineratu du.
Juanikorenaren ustez, entitateak espazio seguruagoak dira, eta neurriak finkatzeko erraztasunak ematen dituzte. «Entitateen barruan dagoeneko eratuta dauden taldeetan eragitea da helburua», azaldu du. Hortaz, «eremu antolatu eta finkoak diren heinean», taldeko kide guztiei eragiten diete han hartutako hizkuntza-ohituren erabakiek. Praktikari dagokionez, entitatearen baitako dinamikan euskaraz mintzatzeko gai diren hiztun taldeak identifikatu beharko dituzte arduradunek, hizkuntza-ohiturak «euskararen mesedetan» aldatzeko ahobizi eta belarriprest ariketa egin dezaten. Gainera, entitateek neurri zehatz batzuk hartu beharko dituzte, esaterako, kideei ariketarako prestatzeko tresnak eskura jartzea.
Mota guztietako entitateek parte hartu ahalko dute frogaldian: erakunde publikoek, gizarte eragileek, enpresek, kultur eta kirol elkarteek, eta abar. Intxaurrondon hamalau eragilek eman dute izena datozen egunetako ariketarako: IZBE auzo elkarteak, Jose Ignacio Bengoetxea harategiak, Intxaurrondoko Gizarte Ekintzako zerbitzuguneak, Intxaurrondo kultur etxeak, Larrotxene kultur etxeak, Mons Udal kiroldegiak, Haizalde elkarte gastronomikoak, Gipuzkoako Foru Aldundia, Gizarte politikak, Lauaizeta ikastetxeak, Biharko Gipuzkoa zaharren egoitzak, Intxaurrondo Udal Kiroldegiko igerilekuak, Intxaurrondo Ikastolak, eta Zulo Zahar elkarteak, Intxaurrondo Hegoa IP-k.
Bigarren berrikuntza nabarmena da ariguneen sorrera. Ariguneak dira euskaraz lasai aritzeko guneak, eta taldeko kide guztiek euskara ulertzen dutela bermatuko beharko dute entitateek. «Arigune bat izan daiteke, adibidez, elkarte gastronomiko baten junta», jakinarazi du Juanikorenak. Dagoeneko osatuta dagoen eta dinamika propioak dituen taldeekin lana egiteak, erraztasunak ematen dituela azaldu du Bagerakoak: «Talde horien barruan hizkuntza ohiturak adostea eta egonkortzea errazagoa da». Epe luzerako helburuak finkatu nahi dituztenez, entitateei ariekta amaitzean hizkuntza ohiturak aldatzeko hartutako urratsak egonkortzeko gonbita luzatuko diete.
Altzan ere, erronkarako prest
Altzan ere aitzindariak dira euskararen normalizazioa helburutzat duten egitasmoak antolatzen. 2017an Altza hadi! jarri zuten abian, eta, Euskaraldiaren ondoren, Altza hadi, 12 egun euskaraz egitasmoa prest dute. Frogaldiaren parte ez bada ere, Altzako hainbat erakunde eta elkartek euskara ulertu edo hitz egiten duten auzotarrei luzatutako erronka izango da, eta azaroaren 22tik abenduaren 3ra iraungo du. Ahobizi eta belarriprestak izango dira oraingoan ere protagonistak, eta, guztira, 515 ahobizi eta 212 belarriprest lortu nahi dituzte.
Ariketak iraungo duen egunetan, hainbat jarduera antolatu dituzte, «ikusgarritasuna emateko». Azaroaren 22an, lehen egunean, kalejira, hasiera ekitaldia, Dantza filmaren proiekzioa, afari-merienda, diskofesta eta haur antzerkia, euskaraokea, eta beste hainbat gauza antolatu dituzte. Azaroaren 30ean ere jarduera sorta prestatu dute: pala partidak, puzgarriak, Herrea Kantuzen emanaldia auzoan zehar, herri-bazkaria, DJ saioak eta abar. Hamabi eguneko ariketa bukatzeko, eta Euskararen Nazioarteko Egunarekin bat eginez, abenduaren 3an, haurtxokoan eta gaztelekuan programazio berezia prestatu dute, eta AltzataRock jaialdia egingo dute Larratxon.