Gure Eskuk Euskal Herrian egin den sinadura bilketarik handiena egin nahi du erabakitzeko eskubidearen alde
'Erreferendumaren aldeko herri ekimena' izenez deitu duten egitasmoa 2020ko maiatza eta ekaina bitartean gauzatuko dute, eta Donostian egin dute bere aurkezpena.
“Erreferendum bidez erabakitzearen aldeko atxikimendu eta konpromiso pilaketa masibo bat egingo dugu. Horretan datza erreferendumaren aldeko herri ekimenak”. Hitz horiekin azaldu dute Amalur Alvarezek eta Josu Etxaburuk, Gure Eskuren bozeramaileek, datorren urteko udaberrian gorpuztuko duten ekimena. Haien asmoa Euskal Herrian egin den sinadura bilketarik handiena egitea da, eta azkeneko helburua, berriz, herritarren erabakitzeko eskubidea gauzatzea.
Gogoratu dutenez, lurraldean orain arte egin den bilketarik handiena Elkarrik egin zuen, 1994an, 250.000 sinadura jasoz. Gure Eskuren asmoa, hortaz, zifra hori gainditzea eta herritarrengandik jasotako atxikimendu eta konpromiso horri bide ematea da.
Hain zuzen, behin sinadurak jasota, bi bide jarraituko dituztela azaldu dute: batetik, bide instituzionala, “erreferenduma legeztatzeko helburuarekin erakunde publikoei eskaera zehatzak eginez”; eta bestetik, bide sozial eta politikoa, herritarren babesa jasota beste “urrats eraginkor batzuk” egiten jarraitzeko.
Besteak beste, Eusko Legebiltzarrak landuko duen estatus berriak erabakitzeko eskubidea jaso dezala bilatuko dutela azaldu dute. Hala ere, bai Alvarezek eta bai Etxaburuk, argi utzi dute erakunde publikoak ez direla “muga” izango, eta babes soziala lortuz gero, Gure Eskuk tematzen jarraituko duela azpimarratu dute.
Egitasmoa EAEn, Nafarroan eta Iparraldean aurrera eramateko “oztopoak” izango dituztela onartu badute ere, Gure Eskuko kideak ziur daude gizartearen zilegitasuna jasota horiek gainditzeko gai izango direla. Behin mobilizazioak amaituta, lurralde bakoitzeko erakunde publikoei lege eskaera bat bideratuko diete: “Erreferendumen tresna geureganatzeko neurre legegile eta berme politiko eta juridiko zehatzen eskaria egingo dugu”.
Agerraldian azaldu dutenaren arabera, lurraldeko alderdi politikoek duela zenbait aste izan zuten herri ekimenaren berri.
Herri erronka eta manifestua
Bozeramaileek hainbatetan nabarmendu dute herri ekimen honen izaera kolektiboa. Gure Eskuren ustetan, “herri erronka bat daukagu eskuen artean”, erabakitzeko eskubidea “herritarron %100arena delako”, eta horregatik, Euskal Herriko mota guztietako eragileekin lanean ari direla azaldu dute.
Haien asmoa sinadura bilketa euskal lurralde guztietan egitea da, ekimenak lekuan leku bere “nortasun eta garapen propioak” izan ditzakeela onartuz. Izan ere, egitasmoa nola garatzeko erabakia “tokian tokiko herritar eta eragileena” izango dela adierazi dute.
Hala ere, herritarren eskaera osatuko duen sinadura bilketa manifestu orokor batean oinarrituko dela zehaztu dute. Testu hori eragile ugarirekin batera garatzen ari diren prozesu parte-hartzaile baten bidez osatuko da, eta apirilerako prest egongo dela aurreratu dute.
Ahalduntze prozesua eta elkarguneak
Manifestuaren ideiari jarraituz, sinadura bilketa baino, “herritarren ahalduntze prozesu osoaren balioa” nabarmendu nahi izan dute bozeramaileek. Prozesu horretan, Euskal Herriko eragile eta norbanako bakoitzak bere lekua duela azpimarratu dute. Etxeburuk azaldu duen modura, “bereziki landu nahi ditugu herrietako eragileak: kirol elkarteak, guraso taldeak, aisialdi eta mendi elkarteak… Herrian eragiten dutenak, eta erabaki egin nahi dutenak”.
Izan ere, Gure Eskuk argi dauka Euskal Herrian badagoela erabakitzeko eskubidearen aldeko gehiengo bat, eta ideia horretan oinarrituta, herritarrei nahieran inplikatzeko konpromisoa eskatzen diete: “Eskubideak ez dira defendatzen soilik mobilizazioen bidez, eraiki egin behar ditugu. Eta erabili. Eta erabiliko ditugu”.
Eraikuntza prozesu hori aurrera eramateko, Elkarguneak izeneko espazioak sortuko dituzte, bai Euskal Herri mailan eta baita tokian toki, “herri ekimena sustatuko duten mota guztietako norbanako eta eragileak” elkartzeko. Gure Eskuren asmoa da Elkargune horiek herritarren gehiengoa islatzera iristea eta baita epe luzerako begiradarekin jardutea ere.
Hauteskundeen mapa eta Espainiako inboluzioa
Joan den igandeko hauteskundeen harira, Gure Eskuko kideek adierazi dute Euskal Herrian eta Katalunian jasotako emaitzak “nazio-aniztasunaren argazkia” direla, eta baita lurralde horietan “errealitate politiko ezberdin bat” dagoela ere: “Emaitzek euskal herritarrok, katalanek bezala, gure burua gobernatzeko dugun borondatea berretsi baino ez dute egiten. Autogobernatu eta erabaki egin nahi dugu, gai guztiez, eremu guztietan, baita estatus juridiko-politikoari buruz ere. Hori da guk egiten dugun irakurketa”.
Dena den, onartu dute egoera “konplexua” dela, Kataluniako buruzagien kontrako epaiak “larrialdi demokratiko bat” ekarri duela azpimarratuz. Zentzu horretan, Espainian oinarrizko eskubideak eta erabakitzeko eskubidearen eta autodeterminazio eskubidearen kriminalizazioa dakarren “jarrera inboluzionista” bat indartzen ari dela salatu dute.
Hain zuzen, gogoratu dute PSOEren hautagaiek legez kanpoko erreferendumak antolatzea zigortzeko proposamenak egin dituztela, eta baita Espainiako Gobernua eta Auzitegi Konstituzionala Kataluniako Parlamentuan autodeterminazioaz eztabaidatzea debekatzen tematu direla ere. Gainera, hainbat hautagaiek hauteskunde kanpainan eginiko adierazpenetan autodeterminazio eskubidearen existentzia ukatu dutela salatu dute.
Horren aurrean, ordea, “burujabe izateko borondateari eusteko unea dela” defendatu du Gure Eskuk: “Espainiako egoerak ezin du markatu gure bidearen iparra. Egoera horren baitan, ezin dugu amore eman”.