Gure Eskuk Urgull argiztatuko du azaroaren 23an erreferendumerako bidea irudikatzeko
Ostegunean eginiko agerraldian, Gure Eskuk 2020ko udaberrian gauzatuko duen erreferendumaren aldeko herri ekimena aurkeztu du. Hain zuzen, Euskal Herriko sinadura bilketarik handiena egin nahi du erabakitzearen aldeko eskubideari euskal lurralde guztietan bide legal bat zabaltzeko. Eta, ekimen hori garatzeko prozesuan, Donostian ekitaldi berezi bat antolatuko dutela iragarri du ere plataformak: datorren asteko larunbatean, azaroaren 23an, Urgullen argiztatuko dute.
Bi mezu zabaldu nahi dituzte egitasmo honen bidez: “batetik, demokraziaren aurkako epaiaren aurrean, Kataluniarekiko elkartasuna; eta bestetik, oztopoen eta errepresioaren aurrean, argi dugula zein den gure bidea, eta herritarrok argituko dugula”.
Ekimenak Argi Dugu Bidea izena du, eta bide hori irudikatzeko, herritarrei Urgullera argiztatze tresnekin (linternak, fokuak edo bestelakoak) joateko deia egin diete. Mendira igo aurretik, Urgulleko Apaizen Pasealekuaren hasieran elkartuko dira, 17:30ean.
Ondoren, ekimena amaituta, ekitaldi bat egingo dute Parte Zaharreko Konstituzio plazan, Donostiako galdeketarekin lortutakoa ospatu eta hemendik aurrera garatuko duten herri ekimenari buruzko azalpenak emateko. Gero, berriz, erromeria izango dute eguna jai giroan amaitzeko.