Pelikula bat baino gehiago, esperientzia bat
‘Parasite’
Zuzendaria: Bong Joon-ho
Urtea: 2019
Herrialdea: Hego Korea
Drama, umore beltza, thrillerra, munstroak, zientzia fikzioa, distopiak… Argi dago, Bong Joon-ho zinemagile korearra ez da kikiltzen eta era guztietako filmak zuzentzea gustuko du. Estiloen eta generoen fusio horietan, gainera, oso zuzendari gutxik lortzen duten maila goreneko hausnarketa, ikuskizuna, kritika eta entretenimendua uztartzen ditu.
Burutik kendu ezin dudan bere obra berrian, Parasite-n, zuzendari korearra horren berezi bihurtu duten elementu guztiak batu ditu, eta maisulan izatetik oso gertu dagoen pelikula sortu du. Sinopsiari buruz ahalik eta gutxien irakurtzea gomendatzen dizuedanez, ez naiz ni izango hori zapuztuko duena; klase borroka eta familia loturak oinarri dituen komedia gordina erakusten duela besterik ez dizuet esango, zinema beltzaren zertzeladekin.
Bere aurreko lanetan bezala, etengabeko metamorfosi egoeran dagoen obra bat topatuko duzue, tentu handiz sortutako izaki hibrido bat, era hipnotikoan eraldatzen joango dena. 132 minutuan, film bati eskatzen diodan ia guztia oparitu dit Joon-hok; eszena batean gauza bat dirudiena, hurrengoan guztiz kontrakoa izango da. Umore beltzeko drama familiarra da, baina baita thriller psikologikoa eta suspensezko istorio bat ere, eta batez ere, Buñuel eta Hitchcock-en zantzuak dituen sentimenduen bonbardaketa etengabea. Argumentu-biraketaz jositako satira lotsagabea, ironikoa, tragikoa eta maltzurra.
Memories of Murder eta The Host filmekin egin zuen modura, dibertigarria da, grazia egiteari utziko dion arte. Ikusleak une horretan belarrondoko galanta jasoko du, lehen mailako entretenimendu horren azpian kritika sozial lotsagabea azalduko den unean. Erlaxatzen eta gozatzen hasten zaren momentuan, irmoki eutsiko zaitu besotik eta amaitu arte ezingo duzu ihesik egin, metamorfosi horren barruan murgilduko zaitu ia ohartu gabe, kritika sozial hori zure garunean txertatuko den arte. Suitzar erloju baten zehaztasunarekin idatzitako gidoiarekin bat egiten duen muntaia-lana ere ezinbesteko tresna bilakatzen da narrazioan, eta eraldaketa horren erantzuleetako bat bihurtuko da. Egitura aldetik ia perfektua iruditu zait, pelikula baten aurrean baino gehiago, esperientzia baten aurrean gaudela esatera ausartzeraino.
Bisualki suntsitzailea da. Aukeratutako etxeek sekulako pisua eta garrantzia dute, eta zabaldu nahi den mezu horrekin bat datoz. Park familia, aberatsa, aldaparen gailurrean kokatzen den luxuzko etxe metalikoan, kristalez inguratuta, baina oso hotza, ia eskeletikoa den etxean, nortasunik gabe. Kim familia, aldiz, behean, sotoan, ez dira ia ezer eta lur azpian kokatu ditu zinemagileak. Bertikaltasunaren kontzeptuarekin era burutsuan jokatu du, bi klase desberdinen arteko banaketa bisualki eraginkorra eta perfektua bilakatuz.
Zinema soziala egitea lortu du, azken finean, baina klixeetan erori gabe, eta genero eta tonu desberdinen arteko koktel entretenigarri, deseroso, dibertigarri eta beldurgarri bat eginez. Urteko pelikuletako bat, zalantza izpirik gabe.