Alkohola da tratamendu gehien eskatzen dituen droga
Alkoholik Gabeko Munduko Eguna da gaur, eta AGIPADek (Drogen Abusuaren Ikerketa eta Prebentziorako Gipuzkoako Elkartea) alkoholaren abusuaren aurrean estrategia prebentiboen beharra agerian jarri du. Era berean, nazioarteko egunaren harira, elkartean tratamendua jasotzen duten pertsonei dagozkien azken hamar hilabeteetako datuak argitaratu dituzte. Aurten, alkohola izan da AGIPADen laguntza eskatzen dutenen artean gehien kontsumitu den droga (%28). Jarraian, kalamua (%26) eta hirugarren lekuan, kokaina (%24).
Elkarteak nabarmendu du alkoholarekin arazoak dituztenen artean generoaren araberako desberdintasunak ikusi daitezkeela. Hain zuzen, tratamendua jasotzen duten emakumeen kopurua (%40) gizonezkoena baino handiagoa izan da azken hamar hilabeteetan (%24). Gizonetan, aldiz, kokaina eta kalamuaren kontsumoa “zertxobait handiagoa” da.
Era berean, adin tartea bi generoetan 40 urtetik gorakoa dela azaldu dute, eta, hortaz, azken urteetako joera mantendu da alkoholaren adikzioarengatik AGIPADen tratamendua jasotzen duten pertsonen adinean. Hala ere, iazko datuekin konparatuz, 30 eta 40 urte dituztenen artean gorakada nabaritu dela jakinarazi dute, emakume zein gizonetan. Kontsumo denborari dagokionez, gizonezkoen (%71) eta emakumezkoen (%67) gehienek 15 urte goratik kontsumitu dute AGIPADen tratamendua eskatu aurretik. Elkarteak, baina, baieztatu du haiengana jotzen dutenen artean desberdintasunak daudela.
Prebentzioaren garrantzia
AGIPADek urte asko daramatza alkoholarekin arazoak dituzten pertsonei arreta espezializatua eskaintzen. Besteak beste, pertsona bakoitzari egokitutako psikoterapia saioak egiten dituzte, bizi-kalitatea eta bizi estiloak hobetzeko asmoz, eta abstinentzia lortzeko eta arrisku gutxiagoko kontsumoak egiteko. Programa hori nerabeentzat, pertsona helduentzat eta horien senitartekoentzat da, baita tratamendua jasotzen ari den pertsonarekin harremana duten profesionalentzat ere.
Halaber, elkartearentzat ezinbesteko garrantzia dauka prebentzioak, eta horretan lanean daramatzate hiru hamarkada inguru. Aurten, esaterako, nerabeekin lantzeko kanpaina bat hasi zuten irailean. Bigarren Hezkuntzako 40 ikastetxetik gora bilduko ditu horrek, eta ekintza eta jarduera prebentiboak jorratuko dituzte, ikasleekin, irakasleekin eta familiekin.