Autobus gidariek garraio publiko duin eta seguru bat aldarrikatu dute Gipuzkoako Foru Aldundiaren aurrean
Gipuzkoako autobus zerbitzuetako gidariek elkarretaratzea egin dute Gipuzkoa plazan, Foru Aldundiaren aurrean, garraio publiko duin eta seguru bat aldarrikatzeko. Haien lan baldintzak hobetzea eskatzen dute, hala nola, zerbitzuak egiteko daukaten denborak errepideko errealitatera egokitzea eta autobusetan ekipamendu duina izatea, eta baita gidarien segurtasuna indartzea ere.
Jasaten ari diren egoera azaldu eta elkarren arteko neurriak adosteko asmoz, bilera bat eskatu diete aldundiko garraio departamentuko arduradunei. Hau ez da, baina, halako eskaera bat egin duten lehen aldia. June Arrieta LABeko garraio arduradunak azaldu duenez, denbora luzea daramate horretan tematzen: “Aldundia gurekin bildu dadila eskatzen dugu. Urtebete baino gehiago daramagu hori eskatzen, baina ateak itxita mantendu dizkigute orain arte”.
Jasan behar dituzten arazoen artean, zerbitzuei ezarritako denborak “beteezinak” direla salatu dute gidariek. LABeko delegatua den Imanol Gomez gidariak Dbuseko langileek bizi duten egoera azaldu du: “Linea aldaketetan, ez daukagu estiramendu gutxi batzuk ere egiteko astirik, eta hori guztiz beharrezkoa da. Askotan, gidariok lau ordu eta erdiz egon behar dugu ipurdia eserlekutik altxatu gabe. Lineatan berrazterketa bat egin behar da gidarien eta erabiltzaileen segurtasuna bermatzeko”.
Egoera hori, ordea, are okerragoa da Gipuzkoan kontzesioak dituzten zenbait enpresetako langileentzat, Gomezen arabera, “batzuetan zazpi edo bederatzi orduz eserlekutik altxatu gabe egon behar direlako”. Gidarien ustez, guzti horren arrazoia ibilbideetako denbora luzatu gabe gero eta geltoki gehiago jarri dizkietela da, eta hiriko trafikoak egoera are gehiago okertzen duela diote.
Gainera, eserlekuek dituzten arazo ergonomikoak nabarmendu ditu Dbuseko gidariak: “Sekulako inbertsioak ari gara teknologian eta autobus elektrikoetan, baina ez gara gai gidarien neurrira egokitu daitezkeen eserlekuak jartzeko. Askok eserlekua inklinatuta eraman behar izaten dute, eta lau orduz horrela egon. Sinesgaitza da”.
Gidarien segurtasunari dagokionez ere neurriak hartu beharra dagoela uste dute sindikatutik. Arrietak adierazi du gidarien aurkako erasoak saihesteko hainbat neurri aztertu dituztela, baina ez dutela oraindik aproposenarekin eman. Hala ere, garrantzitsuena gaia aldundiarekin aztertu eta elkarren artean adosturiko irtenbide bat topatzea dela azpimarratu du LABeko arduradunak: “Enpresetan galdeketak egin ditugu, eta ez dugu ikusten manpara bat jartzea irtenbide bat denik. Segurtasun guardiak jartzeko aukera ere aipatu da, baina ez dakigu horrek gidarien segurtasuna bermatuko lukeen edo ez. Ez dakigu zein den irtenbidea, baina eskatzen duguna da aldundia gurekin esertzea eta denon artean neurriak adostea”.
Kontzesio murrizgarria, eta epez kanpokoa
2017ko abuztuan, aldundiak lurraldeko autobus zerbitzuei zuzendutako kontzesioaren aurreproiektua argitaratu zuen, eta testuak aurreikusten zituen murrizketen aurka, 4.000 alegazio eta 7.000 sinadura baino gehiago erregistratu ziren.
Langile zein herritarren erantzunari esker, murrizketak gutxitzea lortu zen, baina LAB-ek gaur plazaratu duenez, horiek ez dira guztiz desagertuko. Besteak beste, autobusei dagozkien lineak egiteko aurreikusitako denborak beteezinak izaten jarraituko dutela salatzen dute langileek.
Kontzesio berria berez 2019ko hasieran argitaratzeko asmoa zegoela adierazi du sindikatuak, baina hainbat arrazoirengatik, prozesua behar zuena baino gehiago luzatu dela azaldu dute. Atzerapen horrek ere kalteak dakarzkiela salatu dute langileek, kontzesio berri bat izan gabe ezin dituztelako haien lan baldintzak hobetzeko hitzarmenak adostu, eta enpresek ez dituztelako autobus berriak erosteko inbertsioak egiten.