Euskarari bultza egiteko gogotsu daude Ibaetan
Urteroko legez, abenduaren 3an izango da Euskararen Eguna, baina Ibaetan datorren asteburuan hasiko dira motorrak berotzen. Izan ere, haur eta helduentzako hainbat jarduera antolatu dituzte.
Abenduaren 3a iristeko gogoz daude Ibaetako bizilagunak, eta egitarau zabala prestatu dute datorren ostiralerako eta larunbaterako, hilaren 22rako eta 23rako, Euskararen Eguna ospatzen hasteko.
Datorren ostiraleko 17:30ean hasiko da jai giroa Ibaetako Karlos Santamaria plazako frontoian, horma-irudi handi bat margotuko baitute denen artean. Eunate Abilleirak, Ibai Ikastolako euskara batzordeko kideak, azaldu duenez, asteburu osoa egongo da horma-irudi hori frontoian ikusgai. Era berean, Euskaraldiaren txokoa ere asteburu guztian zehar han egongo dela adierazi du: “Aurten Euskaraldirik ez dagoenez, iazko eta hurrengo urteko Euskaraldien arteko zubi moduko bat egiteko, photocall bat jarriko dugu kutxa batekin. Jendeak euskarak iradokitzen diena idatzi edo marrazteko aukera izango du hor, eta gero dinamikaren antolatzaileei pasako diegu material hori”.
Horma-irudia margotu ondoren, euskarazko liburu, disko eta filmak trukatzeko azoka bat egingo dute, eta haurren aurpegiak margotuko dituzte. Ostiralarekin bukatzeko, dantzaldia egingo dute 19:00etatik aurrera. Abilleiraren arabera, Donostiako Musika eta Dantza Eskolako kideak joango dira segur aski, ondo dantzatzeko irizpide batzuk emateko.
Ostiral arratsaldeko jardueretan jende askok parte hartuko duela uste dute antolatzaileek: “Ostiraletan jende asko egoten da Karlos Santamaria plazan, ikastolatik ateratzen diren haurrak eta gurasoak, bereziki. Horregatik, egun horretako jarduerek arrakasta izango dutela uste dugu”.
Egun osoko egitaraua prestatu dute larunbaterako, izan ere, Ekain-Txou pailazoak haurrentzako ikuskizuna egingo du frontoian 11:00etan. Eguerdian, 12:30ean, euskal tortilla txapelketa egingo dute. Patata tortillei “euskal ukitua” ematera animatu dituzte parte-hartzaileak. Txapelketako sariak nabarmendu ditu Abilleirak:”Taberna gehienek pintxoak eta edariak eskaini dituzte. Aratz jatetxeak, aldiz, bi pertsonentzako bazkari edo afari bat eskaini du, eta Gaztelo kafetegiak bi pertsonentzako gosari bat”. Bazkaltzera joan aurretik, kantujira egingo dute auzotik.
Arratsaldean, 17:00etan, buruhandiak egiteko ikastaroa egingo dute, bi euroko izen-ematearekin. Ikastaroan egiten dituzten buruhandien eta auzoko jaietakoen arteko topaketa egingo dute 18:00etan, txokoloate janarekin batera. Sabela ondo bete ondoren, Eli Pagola eta Haritz Mujika bertsolarien eskutik bertso-poteoa egingo dute auzotik, egitasmoarekin lagundu duten tabernetan geldialdiak eginez.
Egitasmoaren antolakuntza
Donostiako Udalak iazko maiatzean ireki zuen Euskararen Egunaren harira diru-laguntzak eskatzeko epea. Abilleirak azaldu duenez, auzoan zerbait antolatzeko aukera ona iruditu zitzaien: “Hasieran, bi asteburuko egitaraua aurkeztu genuen udalean, ez genekielako zenbat jende eta zein baldintza izango genituen”. Duela hilabete bat jakinarazi zien udalak diru-laguntza emango zietela, baina azkenean asteburu bakarreko egitaraua prestatzea erabaki zuten, “neguko jai batzuk izango balira bezala”.
Egitasmoan sartuta hamabi bat pertsona daudela adierazi du Abilleirak, baina antolakuntza “lauzpabost pertsonen” artean egin dutela, batez ere. Hala ere, auzoko hainbat tabernaren laguntza nabarmendu dute antolatzaileek, eta jendea animatuta ikusten dute auzoan. Era berean, udalak gauzak erraz jarri dizkiela azpimarratu du: “Udalak erraztasun guztiak eman dizkigu; ikusten da Euskararen Eguna auzoetara zabaldu nahi dutela”.
Euskara Ibaetan
Abilleiraren aburuz, Ibai ikastolaren inguruko giroa “nahiko euskalduna” da, baina gurasoen bileretan beti nabarmentzen dute euskararen erabilera beheranzko joeran dagoela.
Horretaz gain, auzoko leku askotan gaztelaniaz hitz egitea ateratzen zaiola aitortu du Abilleirak: “Orokorrean ez zait iruditzen Ibaeta bereziki auzo euskalduna denik. Taberna batzuk euskaldunak badira ere, askotan errazagoa da gaztelaniaz sartzea”.
Horregatik, Euskararen Egunaren harira jai hori egitea ideia ona iruditu zitzaien, euskara bultzatzeko: “Euskararen Egunaren aitzakiarekin jendeak euskara buruan izatea nahi dugu, Euskaraldian bezala. Lehenengo hitza ‘kaixo’ ateratzen bazaizu, primeran”».