Itsasora begirako infernua
Ia 60 urtez egon zen zabalik Ondarretako kartzela, eta lehenengo urteetan mota guztietako presoak izan bazituen ere, preso politikoz bete zen 1934tik aurrera. Gauzak horrela, Gipuzkoako errepresio frankistaren ikur bihurtu zen.
Parte Zaharreko Abuztuaren 31 kaleko Jesuiten eskola zaharrean zegoen Donostiako kartzela XIX. mendearen azken herenean. Hirira gero eta turista gehiago iristen zirela ikusita, ordea, espetxea Erdialdetik urruntzea erabaki zuten garaiko agintariek, eta horrela jaio zen Ondarretako kartzela eraikitzeko proiektua.
1886an hasi zituzten eraikuntza lanak Nemesio Barrio arkitektoaren zuzendaritzapean, eta 1890an inauguratu zuen Victor Samaniego alkateak, hiriko preso guztiak hara eramanez. Hiru solairuko eraikin bat zen, Tabakaleraren antzeko aurrealdea zuena, garai berean eraiki baitziren bi eraikinak. Aipatzekoa da eraikinak hainbat konponketa jasan zituela historian zehar, itsasotik oso hurbil baitzegoen, eta hezetasunak eta kresalak hormak hondatzen zituzten.
Edozein preso mota sartzen zuten han 1930eko hamarkadara arte. 1931. urtean, ordea, preso politiko batzuk jasotzen hasi zen Ondarretako espetxea. Hainbat elkarretaratze politiko egin zituzten kartzelaren aurrean garai hartan, hala nola, 1931n Clara Campoamor politikariak zuzendutakoa. 1934an, Espainiako gobernu errepublikano eskuindarraren aurkako grebaren ondoren, preso politikoz bete zuten kartzela.
36ko gerra piztu zenean, gero eta preso politiko gehiago sartu zituzten Ondarretan. Donostia errepublikanoen esku egon zen bitartean, milizianoek Francoren estatu kolpearen aldeko hainbat pertsona, gehienak militarrak, atera zituzten kartzelatik, fusilatzeko. 1936ko irailean hiria kolpisten esku gelditu zenean, ordea, pertsona ugari sartu zituzten kartzela hartan. Asko torturatuak izan ziren han, eta ehunka fusilatu zituzten. Horrela, errepresio eta mendeku frankistaren ikur bihurtu zen Ondarretako kartzela, 1948an bota egin zuten arte.