Manifestazioa egingo dute, Indarkeria Matxistaren Aurkako Nazioarteko Egunean
Azaroaren 25ean, Indarkeria Matxistaren Aurkako Nazioarteko Eguna dela eta, manifestaziora deitu du Donostiako Asanblada Feministak. 19:00etan hasiko da protesta, Bulebarrean.
Era berean, Donostiako Udalak kanpaina bat egin du egunaren harira. Duñike Agirrezabalagak, udaleko Berdintasun zinegotziak, indarkeria matxistaren aurkako sentsibilizazioaren garrantzia nabarmendu du: “Egun hori aldarrikapen eta sentsibilizazio eguna da, baina eguna bera baino garrantzitsuagoa da egunero era guztietako indarkeria matxisten kontra egiten dugun lana”. Era berean, erakundeek indarkeria matxistaren aurkako konpromisoa adierazteko garrantzia azpimarratu du: “Funtsezkoa da erakundeok indarkeriaren biktimei ematen diegun arreta hobetzea eta prebentzioa areagotzea. Lortu behar dugu gizarte osoak gaitzestea jokabide matxistak, batzuetan onartu eta normalizatu egiten baitira. Tratu txarrak eman eta umiliatu egien duten horiena da erantzukizuna, inoiz ez beren askatasuna baliatuz lanera, paseatzera, kirola egitera doazen biktimena, kasu honetan emakumeena”.
Aipatu egunaren harira, indarkeria matxistaren gaia jorratzen hari dira udalaren haurtxoko eta gaztelekuetan, horma-irudien, ipuinen eta ikastaroen bitartez. Horretaz gain, III. Beldur Barik lehiaketako sariak banatuko dituzte hilaren 22an Kontadores zentroan, 19:00etan.